AKTUALITATEA


| 2026-11-20 09:33:00

EH Bilduren iritziz, larria eta kezkagarria da gaur hedabide batek argitara atera duen informazioa, zeinaren arabera, Osasun Sailak gezurtatu ezean, Osakidetzak berriro ere baldintza egokietan ez zeuden txertoak, beti bermatu beharreko hotz-katea hautsita, ipini baititu, oraingoan Bilbon, Txurdinagako osasun zentroan. Ez da lehenengo aldia, gainera. Pasa den urtarrilean EH Bilduk berak ezagutzera eman behar izan zuen Osakidetzak iraungita zeuden txertoak ipini zituela (gerora jakin genuen 200 baino gehiago izan zirela), eta ekainean ere salatu behar izan zuen Bilboko eta Lasarte-Oriako bi anbulatoriotan txertoen segurtasuna bermatzeko funtsezkoa den hotz-katea hautsi zela eta, hala eta guztiz ere, txerto horietako batzuk ipini egin zirela.

Aurrekari horiek kontuan hartuta, gaur zabaldu den informazioa are larriagoa eta are kezkagarriagoa da, “erakusten duelako Osakidetza oraindik ez dela txertoen segurtasuna %100ean bermatzeko gai”, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez. Uberak azalpenak eskatu dizkio jada formalki Alberto Martinez Osasun sailburuari Legebiltzarrean, “argitu dezan nola den posible Osakidetzak halako kasu bat berriz ere esku artean edukitzea, iraungitako txertoen auzia argitara atera ostean, sailburuak berak 21 neurri eta 1,5 milioi euroko inbertsioa iragarri baldin bazituen, ustez txertoen segurtasuna bermatzeko”.

Txurdinagako anbulatorioan gertatutakoa argitzeko, legebiltzarkide subiranistak galdera sorta helarazi dio sailburuari, idatziz erantzun ditzan. Zehazki, galdetzen dio zenbat txerto ipini diren –eta nori– baldintza egokietan egon gabe; ea Osakidetza kaltetutako pertsonekin harremanetan jarri den, eta noiz, eta ea txertoa berriz ipini behar dien; ea hotz-katearen haustura ekiditeko sistema jada ezarrita dagoen, eta ea iraungitako txertoen auziaren ostean sailburuak sistemaren segurtasuna bermatzeko iragarri zituen 21 neurriak jada aplikatu diren ala ez.

Izan ere, Uberaren irudiko, “ez da ulertzen txertoen segurtasuna bermatzeko oinarrizkoak diren elementuak oraindik zuzendu gabe izatea, iraungitako txertoen auziak urte bat betetzear dagoenean. Orain hotz-katea hautsi da berriro, ekainean bezala, eta ez da egoera konpontzeko gaitasunik ikusi, agerian utziaz Osasun Sailak iragarpenetatik haratago, ez dituela neurri eraginkorrak hartu arazoak konpontzeko. Edo hartu dituenak ez direla zuzenak txertaketa prozesuaren segurtasuna ziurtatzeko”.