AKTUALITATEA


| 2026-11-12 10:51:00

EH Bilduk, etxebizitza eskubidea bermatzearen alde, espekulazioaren aurkako lege bat negoziatzea, adostea eta onartzea proposatu du gaur Legebiltzarrean, atzo greba orokorraren arrakastak agerian utzi baitzuen “etxebizitzaren arazoak muga guztiak hautsi dituela eta, beraz, ezinbestean gauzak aldatzeko momentua dela”, Xabier Astigarraga legebiltzarkideak azpimarratu duenez.

EH Bilduren iritziz, “espekulatzaileen aurka egin eta espekulazio forma ezberdinei bidea mozteko unea da, langa igo eta anbizioz jokatzeko unea da”. Bada, koalizio independentistak zuzenean jo du Jaurlaritzarengana eta berau osatzen duten bi alderdiengana oposizioarekin negoziatzera eseri daitezen, espekulazioaren aurkako lege bat adostu eta onartzeko. “Atzokoaren ostean, fitxa mugitzea ez da soilik aukera bat; obligazio moral gisa ulertu beharko luke edozein alderdik”. Izan ere, “gaur aurka bozkatzea atzo kalera atera ziren milaka eta milaka herritarren interesen aurka bozkatzea da”.

Horregatik, “oposizioaren proposamenak sistematikoki alboratzeko estrategia alboratzeko” eskatu die EAJri eta PSEri, bai eta “espekulazioari aurre egiteko neurrien inguruko eztabaida eta negoziazio bat irekitzeko” ere. “Denok baldin bagaude espekulazioaren aurka, zergatik ez negoziatu denon artean espekulazioa gelditzeko neurrien inguruan? Beharrezkoa da neurriak hartzea, ezin dira gehiago atzeratu”.

Astigarragaren ustez, “atzokoak nahikoa eta sobera izan beharko luke gutxienez Gobernuko alderdiek erakusteko herritarrek eskatzen dutenaren ildotik aurrerapausoak emateko borondatea dutela eta, horretarako, akordio zabala bultzatzeko konpromisoa dutela”. EAJk eta PSEk, baina, atzera bota dute EH Bilduren proposamena, PPk eta Voxekin bat. “Inoiz izan dugun etxebizitza krisi handienaren aurrean eta greba egun arrakastatsu baten biharamunean, ulergaitza da EAJk eta PSEk orain arteko berdina egiten jarraitzea proposatzea eta politika itsua praktikatzearekin tematzea”.

Hori dela eta, ohartarazpen batekin amaitu du EH Bilduko legebiltzarkideak: “Jendeak bere bizi proiektuak nola zapuzten diren ikusten duen bitartean, beste aldera begiratzen baduzue, jendea parez pare izango duzue, atzo bezala”.