AKTUALITATEA


| 2026-11-06 10:01:00

Eusko Jaurlaritzan EAJ eta PSE ez dira etxebizitzaren arloan politika koherente bat partekatzeko gai, noiz eta inkesta guztien arabera etxebizitza herritarren lehen kezka nagusia, bigarrenetik oso urrun; areago, gobernukideek iritzi kontrajarriak defendatzen dituzte behin baino gehiagotan, alokairuen prezioak mugatzeko orduan ikusi dugun bezala (Getxon, adibidez, EAJk bat egin du PPrekin, udalerria tentsio handiko eremu izendatzearen aurka), eta orain baita Kongresu espainolean datorren ostegunean bozkatuko den etxebizitzaren bigarren dekretuari dagokionez ere.

Horren inguruan interpelatu dio Pello Otxandianok gaur lehendakariari, azal zezan zein den bere Gobernuak, PSErekin partekatzen duenak, alegia, bigarren dekretu horretaz duen iritzia, EAJren iritzi kritiko ezaguna albo batera utzita. Pradalesek, baina, uko egin dio gai horretaz erantzuteari. EH Bilduko bozeramailearentzat, “nekez ulertzen da EAJren posizioa, dekretu hau ez delako etxejabe txikien kontrako dekretu bat, espekulazioaren kontrakoa baizik, etxebizitzaren arazoa kontratu soziala hausten ari den momentuan; horregatik da hain garrantzitsua, egiturazko neurri bat sartzen duelako, Europaren arrastoan kokatzen gaituelako eta espekulazio dinamikak sortzen dituen kalte sozialei aurre egiten dielako”.

Horren haritik, Otxandianok azaldu du zer dakarren Kongresuan bozkatu beharreko bigarren dekretuak. “Europako etxebizitza politikaren neurri bat da, Alemanian, Danimarkan, Austrian, Suedian, Suitzan, Belgikan, Herbehereetan eta Finlandian indarrean dagoena; maizterrari segurtasuna eta egonkortasuna ematen dizkio, alokairuen prezioen igoerak espekulatzeko asmoz gertatzen direlako hain justu kontratua amaitzean; jabeari ere segurtasuna ematen dio, diru-sarrera jarraituak ahalbidetzen dizkiolako eta etxebizitza berreskuratzeko aukera ematen diolako, berak erabiltzeko, maizterrak ez ordaintzeagatik edo higiezina modu desegokian erabiltzeagatik; prezioak arautzen ditu, eta prezioa egonkortzeak aukera ematen du familien aurrezkia eta errenta erabilgarria handitzeko; beraz, tokiko ekonomia dinamizatzen laguntzen du, diru hori ekonomia errentistaren hustubidetik joatea saihesten duelako, eta, azkenik, gizartea kohesionatzen du, auzoa sortzea ahalbidetzen duelako eta komunitatea eraikitzen duelako”.