AKTUALITATEA


| 2022-05-04 13:54:00

EH Bilduren dokumentazio eskaera bati erantzunez Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak Legebiltzarrari igorritako informazioak ­–8743736d-315d-4e99-b661-53d5da31087d (legebiltzarra.eus)– agerian utzi du Gaztelagun programa, gazteen emantzipazioa bultzatzeko Jaurlaritzak duela hiru urte abiarazi zuen plana, alegia, ez dela inondik inora hasieran jarritako helburuak betetzen ari eta, beraz, porrot egiten ari dela. Eraitz Saez de Egilazek gogora ekarri duenez, “programa hori martxan jarri zuenean Urkulluren Gobernuak xedetzat jo zuen 2021ean 6.000 gazteri laguntza ematea, baina, Arriolak berak orain eman dizkigun datu ofizialen arabera, 2.694 besterik ez dira gaur egun alokairua ordaintzeko diru-laguntza horiek jasotzen ari diren gazteak”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “begien bistakoa da Gaztelagun programaren eraginkortasuna zeharo mugatua dela eta, areago, porrot egiten ari dela, Jaurlaritzaren etxebizitza politika, oro har, porrot egiten ari den bezalaxe, eta konponbidea ezin da izan, Gobernuak iragarri duen moduan, alokairurako laguntza horiek jasotzeko gehieneko adina 36 urtera igotzea”. Horren haritik, Saez de Egilazek alokairu soziala sustatzea, beharrezkoa baino, derrigorrezkoa dela berretsi du, eta gogorarazi du une honetan 60.000 inguru direla Etxebiden alokairu sozialeko etxebizitza baten zain dauden herritarrak, alokairuko parke publikoa (25.000 etxebizitza) txikiegia delako arlo horretan dauden beharrizanak asetzeko.

Gazteek etxebizitza bat eskuratu eta emantzipatzeko dituzten arazo larriak ikusirik, Saez de Egilazek Gaztelagun programaren eraginkortasunari buruz galdetuko dio Arriola sailburuari ostiralean, kontroleko osoko bilkuran. “Gaztelagun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan alokairu pribatua ordaintzeko gazteek duten zuzeneko laguntza izanik, eta gazteek alokairura sarbidea izan dezaten Jaurlaritzak martxan duen programa garrantzitsuena dela kontuan hartuta, ezinbestekoa da sailburuak horren eraginkortasunari buruzko azalpenak ematea”.