AKTUALITATEA


| 2023-01-24 14:22:00

Jaurlaritza EH Bilduk proposatutako Iritzi Azterlanen Zentro independentea sortzearen aurka agertu da gaur eta, ondorioz, Lehendakaritzari atxikita dagoen Prospekzio Soziologikoen Kabineteak orain arte bezala jarraituko du, lehendakariaren eta gobernuaren irizpide eta interes politikoak lehenetsiz eta horrelako organismoetan funtsezkoak diren printzipioak –independentzia, neutraltasuna, objektibotasuna eta gardentasuna– bermatu gabe.

Josu Estarronak Iritzi Azterlanen Zentroa sortzeko Lege Proposamena aurkeztu zuen duela bi aste, arlo horretan Jaurlaritzak duen eredua “zuzendu beharreko anomalia bat” delako. Izan ere, “inkestek edota ikerketa soziologikoek iritzia sortzeko eta joerak markatzeko balio dezakete eta unean uneko gobernuek inkesta eta azterketa horiek euren interes politikoen arabera erabiltzeko izan dezaketen tentazioa saihestu behar da; horregatik proposatu dugu Iritzi Azterlanen Zentroa sortzea, oso garrantzitsua delako horrelako organismoen autonomia, neutraltasuna, gardentasuna eta objektibotasuna bermatzea, beren lana gidatuko duten irizpideak profesionalak bakarrik izango direla ziurtatzeko, Gobernuaren interes politikoak alde batera utzita”.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du bai EAJk, bai PSEk Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen jarduera legez arautu beharra onartu zutela 2007an, independentzia, objektibotasuna eta neutraltasuna bermatzeko. “Lehen legez arautu beharra zegoen eta orain ez, orain horren kontra daude. Zaila da iritzi aldaketa hori ulertzen. Azalpena bat bakarrik izan daiteke: Jaurlaritzak organo hori bere interes politikoen arabera erabiltzen jarraitu nahi du”.

Gainera, EH Bilduren proposamena atzera botatzeko Gobernuak emandako argudioak oso eskasak dira benetan. “Diotenez, Kabineteak urtez urteko planifikazio baten arabera eta gardentasunez lan egiten du, baina inork ez du planifikazio hori ezagutzen, ez eta nola aritzen den ere. Diote, baita ere, azterlanen datu baseak eskuragarri daudela legebiltzarkideentzat eta ikerlarientzat, baina inork ez daki non”.