AKTUALITATEA


| 2021-06-15 15:42:00

Beste behin ere, Jaurlaritzak ez du neurria eman eta epe motzeko begirada duela erakutsi du gaur, herri honen behar eta erronka estrategikoei heldu ezinean. Izan ere, Ikus-entzunezko Hedabideen Euskal Kontseilua eratzearen kontra agertu da, EH Bilduk lege proposamen baten bitartez eskatutako organo hori beharrezkoa ez delakoan.

Jasone Agirre Garitaonandiaren iritziz, “erabaki horrekin Urkullu Gobernua anomalia batean instalaturik jarraitu nahi du, Europako testuinguruan anomaloa baita ikus-entzunezkoen kontseiluen beharra ukatzea”. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “Europako Batzordeak berak gomendatu du organo horiek sortzea, ikus-entzunezkoen alorrean komunikazioaren askatasuna, informazioaren aniztasuna eta neutraltasuna eta baliabide publikoen independentzia bermatzeko; hala, Europar Batasunean ohikoak dira kontseilu horiek eta, Estatu espainoletik atera gabe, Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseilua erreferente bilakatu da, adibidez”.

Euskal Herria bezalako Estaturik gabeko nazioetan areagotzen da horrelako organoen beharra, azpimarratu du Agirre Garitaonandiak, “kultura, hizkuntza eta ezaugarri komunikatibo propioak edukitzetik eratortzen diren berezko arazo eta beharrei, Estatu mailako eremuetan aintzat hartzen ez dituztenei, alegia, egoki erantzutea ahalbidetzen dutelako”. Horren haritik, ohartarazi du komunikazio mundua paradigma aldaketaren garai batean murgildurik dagoela eta horrek are premiazkoagoa egiten duela Ikus-entzunezkoen Kontseilua eratzea. “Jaurlaritzak, ordea, zaharkiturik dauden parametroetan bilatzen du erosotasuna, komunikazio munduaren errealitate berriek planteatzen dizkiguten erronkei heltzera ausartu gabe”.