Legebiltzarrak Hondakinak Kudeatzeko Jaurlaritzaren Plana izan du gaur eztabaidagai eta akordio zabala lortu du hondakinen isurketa eta errausketarako zergaren kudeaketaren inguruan. Bere proposamen bati jarraituz, EH Bilduk zerga hori euskal instituzioek zuzenean kudeatzea adostu du EAJ eta PSErekin. Mikel Oterok azaldu duenez, Madrilen onartzekoa den Estatuko Hondakinen Legeak zerga hori sortuko du eta, gaurko akordioaren arabera, Jaurlaritzak berau zuzenean kudeatzea eskatuko du, zerga horren bitartez Administrazioak eskuratuko dituen funtsak hondakinen tratamendua hobetzeko ekintzak finantzatzeko. Gainera, zerga horren tipoak igotzea aztertuko da, bai eta bestelako mekanismo fiskalak erabiltzea ere, betiere Hondakinak Kudeatzeko Planak ezarritako helburuak betetze aldera.
Plan horren edukiari dagokionez, Otero pozik agertu da EAJ eta PSE EH Bilduren proposamenen %60 adostera iritsi direlako. Besteak beste, konpromisoa hartu dute ikuskaritza indartzeko eta enpresei eta udalei laguntza handiagoak emateko, planaren helburuak lortu ahal izateko.
Halaber, bilketa selektiboa ahalbidetzen duten sistemak sustatuko dituzte, jada hainbat udalerritan arrakasta izan dutenak kontuan hartuta, hala nola atez atekoa eta bosgarren edukiontzi itxia.