AKTUALITATEA


| 2022-03-07 13:58:00

EH Bilduk 133 zuzenketa partzial aurkeztu ditu Enplegu Publikoaren Lege Proiektuaren tramitazioaren baitan, Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidalitako jatorrizko testua hobetzeko asmoz. Besteak beste, koalizio independentistak Administrazioan gaur egun dagoen behin-behinekotasun tasa altua (%40 ingurukoa) jaistea du helburu, “egonkortasunak eta giza baliabideen nahikotasunak enplegu publikoaren funtsezko printzipioak izan behar dutelako zerbitzu publikoaren kalitatea ere bermatzeko”, Pazis Garciak adierazi duenez. Hori dela eta, “legeak behin-behinekotasun tasa %8 azpian finkatzeko konpromisoa” jaso dezala eskatu du.

Euskararen tratamenduari dagokionez, EH Bilduko legebiltzarkideak ezinbestekotzat jo du Enplegu Publikoaren Legeak “herritarrek bi hizkuntza ofizialetako bat aukeratzeko duten eskubidea bermatzea”. Horrek, azaldu du, “hizkuntza planifikaziorako tresnak onartzea” eskatuko du, “orain artean gabeziak egon diren tokietan euskara lanerako eta harremanetarako ardatz bilakatu dadin”. Norabide horretan, lan eskaintza publikoetan derrigorrezko hizkuntza eskakizunik ez duten lanpostuetan ere gutxieneko euskara-gaitasuna eskatzeko aukera planteatu du, “hizkuntza-plangintzako tresnek hala aurreikusten dutenean”, ezagutza horiek meritu gisa hartu ahal izateko.

EH Bilduren zuzenketek, halaber, nazionalitatea ezabatzen dute Administrazio Publikoan lan egin ahal izateko baldintza gisa, “nazionalitateak ezin duelako enplegu publikotik baztertzea justifikatu”, Pazis Garciak esan duenez. Gaur egun Europar Batasuneko estatu kide bateko herritarra izatea edo nazionalitate espainola edukitzea dira baldintzak lanpostu publikoren bat betetzeko, baina EH Bilduren proposamenarekin nazionalitatea ez litzateke beharrezkoa izango, nahikoa litzatekeelako Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan legezko bizilekua izatea.

Zerbitzu publikoen azpikontratazioa eta pribatizazioa mugatzea ere helburu du koalizioak. Garciaren esanetan, “legeak argi utzi behar du zerbitzu publikoak enplegu publikoaren bidez ematea hobesten duela”.

Desgaitasuna duten pertsonen lan eskubideak ere aintzat hartzen ditu EH Bilduk bere zuzenketetan. “Legeak konpromiso argi bat adierazi behar du administrazio publikoek pertsona horien laneratzean bete behar duten eginkizun eredugarriarekiko. Esaterako, Administrazioari dagokio bermatzea desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-kuotak betetzen direla bai haren lanpostuetan, bai lan eskaintza publikoetan”.