AKTUALITATEA


| 2021-10-07 13:59:00

EH Bilduk bultzatuta, Legebiltzarrak Lan Ikuskaritzaren jarduera indartu dezala eskatu dio Jaurlaritzari autonomo faltsuen erabilera galarazteko eta Riders Legea saihesteko helburuarekin Glovo bezalako enpresek darabiltzaten estrategiak eta egin dezaketen iruzurra jazartzeko. Gaur, hain justu, Lan Duinaren Nazioarteko Eguna da, eta Eraitz Saez de Egilazek konpromiso irmoa eskatu dio zentzu horretan Lakuari, “lanak beti izan behar duelako duina”.

EH Bilduko legebiltzarkideak ontzat eman du maiatzean onartu zen Riders Legea, Glovo eta Deliveroo bezalako enpresak behartu dituelako ordura arte autonomo faltsu moduan aritzen ziren banatzaileak kontratatzera. “Funtsezko urrats bat izan da plataforma digitalen eremuan banaketan aritzen diren pertsonen lan eskubideak eta ‘delivery’ sektoreko enpresetan zerbitzuak ematen dituzten langileen eskubideak defendatzeko”. Aurrerapauso bat izanik ere, legea ez da nahikoa, ohartarazi du Saez de Egilazek hala ere: “Urrats gehiago behar dira langileen eskubideen babesa bermatzeko, enpresa horiek legearen aplikazioa saihesteko eta kontratazioak ekiditeko mekanismoak eta zirrikituak erabiltzen ari dlrelako”.