AKTUALITATEA


| 2021-05-18 15:10:00

EH Bilduren proposamen bat aintzat hartuta, Legebiltzarrak erremolatxa sektorearen egoera larriari erreparatu eta Jaurlaritzari eskatu dio aho batez Araban erremolatxaren laborantzaren ekoizpen-kostuak zehazteko azterketa tekniko bat egin dezala Aldundiarekin eta sektoreko eragileekin elkarlanean. Halaber, sektoreko kontratuak ikuskatzeko eskatu die Lakua eta Madrilgo gobernuei, Elikagai Kateari buruzko Legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen direla bermatzeko.

Gaurko akordioak erremolatxaren sektorearen gainbehera gelditzeko duen garrantzia nabarmendu du Itxaso Etxebarriak, EB-Europar Batasunaren diru-laguntzei esker sostengatzen den sektore bilakatu baita, besteak beste, AB Azucarera Iberia enpresa multinazionalaren praktika monopolistikoen ondorioz. Praktika horiek azukrearen prezioak izugarri igotzea ekarri dute (%13 2015az geroztik), baina erremolatxaren ekoizleei ordaintzen zaien prezioa, aldiz, %25 baino gehiago jaitsi da, ekoizpen-kostuak betetzea ezinezko egiteraino. Paradoxikoki, salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, multinazionala da, eta ez nekazariak, EBren diru-laguntzei etekin handiena ateratzen diena, laguntza horiek aitzakia bezala erabiltzen dituelako erremolatxaren salmenta prezioa modu unilateralean inposatzeko eta, hala, merkeago erosteko. “Zenbat eta laguntza gehiago jaso ekoizleek, orduan eta prezio baxuagoak ordaindu industriak”.

Horren ondorioz, azken urteotan erremolatxa esplotazioak etengabe desagertzen ari dira, Etxebarriak ohartarazi duenez. “Araban 200 esplotazio zeuden 2010ean eta gaur 135 baino ez dira; ezin dugu onartu multinazional batek EBren diru-laguntzak prezioak jaisteko baliatzea, ez eta sektorea pixkanaka desagertzea ere, erremolatxarena sektore eredugarria delako ikuspegi jasangarri, ekonomiko, sozial eta ingurumeneko batetik”.