AKTUALITATEA


| 2021-06-15 13:57:00

EH Bilduk proposatuta, Legebiltzarrak jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko lege proposamena tramitera onartzen den ala ez erabakiko du etzi. Koalizioak organo hori sortzea proposatu zuen pasa den legealdian, legez kontrako jarduera ustelak eta praktika desegokiak ikertu, jazarri eta zigortzeko egun existitzen diren mekanismoak nahikoak ez direlakoan, baina, Parlamentuak proposamena aintzat hartu bazuen ere, azkenean legea ezin izan zen onartu legealdia lehenago amaitu zelako. Hori dela eta, koalizioak berriz aurkeztu behar izan du lege ekimena.

Josu Estarronak adierazi duenez, “EAJk eta PSEk beste aukera bat izango dute jardunbide desegokiei, korrupzioari, jokamolde ez etikoei edo sare klientelarrei ezetz esateko, gure proposamenari baiezkoa emanez; euren gehiengo osoa erabil dezakete praktika irregularrak amaitzeko pausu bat emateko edo rodilloa aplikatu dezakete korrupzioa amaitzeko interes eta borondate falta beste behin erakutsiz”.

EH Bilduko legebiltzarkideak Ustelkeriaren Aurkako Bulego baten beharra aldarrikatu du, “astetik astera ikusten ari garelako Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko fiskalizazio erakundeak, auditoria organoak edota batzorde etikoak inhabilitaturik daudela”. Azaldu duenez, independentziak izan behar du edozein kontrol organoren ezaugarri nagusia, baina hemen existitzen direnak, hala nola Herri Kontuen Auzitegia, Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta Lehiaren Agintaritza, ez dira independenteak, ahalmen oso mugatua dute eta, praktikan, EAJk baldintzatu eta kontrolatzen du euren jarduna. Argitara atera den azken kasuak, kontsultoria-enpresen kartelak, argi baino argiago utzi du kontrol mekanismo guztiek huts egin dutela eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa behar-beharrezkoa dela. Izan ere, “batzuek normaltzat jotzen dute alderdi politiko zehatz batetik gertu egoteagatik abantaila izatea diru-laguntza, kontratu, lizitazio edo lanpostu publikoak lortzerako orduan, baina hori, ohikoa izanda ere, ez da normala eta ezin da normalizatu”.

Pasa den legealdian Jaurlaritza EH Bilduren proposamena tramitera onartzearen alde agertu zela gogora ekarri ostean, Estarronak harrigarritzat hartu du Gobernuaren iritzi aldaketa, oraingoan Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzeari ezezkoa eman baitio. “Zer aldatu da iragan legealditik hona? Gehiengo osoa? Une hartan De Miguel auzia eta Karrantzako purinen kasua pil-pilean zeudela? Hau ezin daiteke izan testuinguruaren edo interes alderdikoien araberakoa; edo ustelkeria, trama, entxufismo, kartel, klientelismo, korruptelak eta faborezko tratuen aurka zaude edo konnibentea zara”.