AKTUALITATEA


| 2022-12-30 10:34:00

Osakidetzak Gasteizen eskaintzen duen zerbitzuaren gainbehera gero eta nabariagoa dela jabeturik, Unai Fernandez de Betoñok legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Osasun Sailari eskatzeko Araba ESIko Plan Funtzionala egokitu dezala Txagorritxu Ospitalean gaur egun dagoen kolapsoa amaitzeko. “Ez da normala, ez eta onargarria ere, larrialdietara joaten diren herritarrek orduak eta orduak itxaron behar izatea artatuak izateko. Premiazkoa da hori konpontzea”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, Txagorritxun gertatzen ari denak lotura zuzena du San Martineko etenik gabeko arreta gunea eta Santiago Ospitaleko Larrialdietako arreta zuzena ixteko Osakidetzak hartu zuen erabakiarekin. “Erabaki haien ondorioz, Olagibel kaleko etenik gabeko arreta gunea gainezka egoten da eta jendeak duen alternatiba ia bakarra Txagorritxuko urgentzietara joatea izaten da, eta horrek, espero zitekeen moduan, zerbitzuaren saturazioa ekarri du”.

Hori dela eta, Osakidetzak kalitatezko arreta bermatu ahal dezan, Fernandez de Betoñok zenbait neurri proposatu ditu: San Martineko etenik gabeko arreta gunea berriz irekitzea, gauerdira arte; Santiagoko urgentziak prestatzea adineko paziente pluripatologikoak eta larrialdi psikiatrikoak artatzeko; Txagorritxuko larrialdietako plantilla indartzea; anbulantzia publiko bat gehitzea bi ospitaleetako larrialdien arteko zerbitzua hobetzeko, eta Lehen Arreta indartzea.

“Osakidetza –esan du Fernandez de Betoñok– gero eta okerrago dago Gasteizen: Txagorritxu kolapsaturik dago; San Martineko etenik gabeko arreta gunea, itxita; Olagibelekoa, gainezka. Bistakoa da ateratzen zaigun argazkia ez dela pozik egoteko modukoa. Egoera oso kezkagarria da, jasanezina ere izateraino, profesionalak arazoek gaindituta eta herritarrak gero eta haserreago, jasotzen duten zerbitzua ez dagoelako egon beharko lukeen mailan”.