AKTUALITATEA


| 2024-09-20 08:49:00

EH Bilduk Osakidetzako Pertsonal arloko politika aldatzeko dei egin dio Legebiltzarrean Alberto Martinez Osasun sailburu berriari, honek legealdirako planak aurkezteko egin duen agerraldian. Rebeka Uberak premiazkotzat jo du “plantilla, bakar, ordenatu eta gardena zehaztea”, eta ausardia eskatu dio sailburuari, “urteetan Osakidetza ahuldu duten politikak iraultzeko, hala nola kontratazio politika, planifikazio falta, inertziaren kudeaketa eta pribatizazio etengabea”.

EH Bilduko legebiltzarkideak Osakidetzako Pertsonal politika aldatzearen garrantzia azpimarratu du nagusiki, arlo horretan “egiturazko neurriak hartzeari” ekin behar zaiolakoan. “Ezin dira akats berdinak errepikatu, sistema ezin da autokontzertazioan, aparteko orduetan eta osagarrien ordainketetan oinarritzen jarraitu”.

Uberak azaldu du “adituen arabera ez dugula Medikuntzan graduatutako profesionalen defizitik, biztanle kopurua kontuan hartuta, garatutako herrialdeen batezbestekoan baikaude medikuen zenbatekoan”. Hori horrela, Osakidetzan plazak bete gabe gera ez daitezen, ezinbestekotzat jo du lan baldintzak aldatzea. “Kontratu egonkorrak eta iraunkorrak behar dira eta arta ikerketarekin eta prestakuntzarekin lotu eta arautu behar da, belaunaldi berriek ez dutelako diru gehiago nahi, bestelako antolakuntza bat baizik”.

Ildo horri jarraituz, LEP-Lan Eskaintza Publikoen eredua aldatu beharra aldarrikatu du, prozesu horien kudeaketa “XXI. mendekoa izan dadin”. Bere iritziz, “lan-bizitzan LEP bakar bat egitea nahikoa litzateke, nota gordeta; ezin da urtero LEPak egiten jarraitu, urtero langileak zamatzen eta Administrazioari ere lan karga gehiago sortzen. Osasun profesionalak oso erreta daude eredu horrekin”.