AKTUALITATEA


| 2021-09-28 12:45:00

Natura-ondarea kontserbatzeari buruzko lege-proiektuari aurkeztutako zuzenketak aztertu dituen ponentzia parlamentarioak gaur goizean amaitu ditu bere lanak eta emaitza EH Bildu eta Jaurlaritzaren arteko akordioa izan da, Mikel Oterok iragarri duenez. Bi aldeek adostu dute lege berria eta datozen asteotan hala berretsiko du Legebiltzarrak, batzordean lehenago eta Osoko Bilkuran gero. Oteroren iritziz, “kontuan izan behar da Natura-Ondarea Kontserbatzeko Legea erabat zaharkitua geratu dela; duela 27 urte onartu zen eta berritze bat behar zuen, ingurumen legedi osoa asko aldatu baita”.

Gobernuaren jarrera irekia eskertu eta akordioarekin pozik agertu da EH Bilduko legebiltzarkidea, “legearen aspektu asko hobetzea lortu dugulako”. Horren haritik azpimarratu duenez, “koordinazio batzorde bat eratuko dute Eudelek, Aldundiek eta Ingurumen Sailak, legean zehaztutako helburuak betetzeko aurrekontu-partida zehatzak bideratzea arautzen da, korridore ekologikoei bultzada ematen zaie eta fiskalitate ekologikoari ateak irekitzen zaizkio natura-ondarearen babesa hobetzeko, beste hobekuntza askoren artean”.

Oterok azaldu duenez, “EH Bildutik 100 zuzenketa baino gehiago egin genizkion lege-proiektuari, Jaurlaritzak 48 onartu dizkigu eta beste 32tan erdibideko adostasunetara iritsi gara; gure proposamenen %75 onartu zaizkigu, beraz”.