AKTUALITATEA


| 2022-11-29 13:26:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du EAEko herritar guztiek, euren bizilekua dena delarik ere, baldintza berberak izan ditzaten euskara ikasketak egin ahal izateko. Sektorearekin eta gainerako administrazio publikoekin irizpide bateratuak adosteko eskatu dio Jaurlaritzari horretarako. Izan ere, Rebeka Uberak azaldu duenez, “2022. urtean oraindik ere euskara ikasteko baldintzak ez dira berberak udalerri guztietan: herri batzuetan erraztasunak ematen dira, baina beste batzuetan sarbidea ez da batere erraza, eta Jaurlaritzak B2 mailara arte doakotasuna ezarrita duela iragartzen badu ere, doakotasunaz baino gehiago diru-laguntzaz ari da”.

EH Bilduren proposamenak euskaltegietako langileen egoerari ere so egiten dio, euren lan baldintzak duintzea eta homogeneizatzea beharrezkoa delakoan. Hala, “herri ekimeneko euskaltegiekin eta autoikaskuntzako zentroekin lan baldintzak hobetzeko egindako akordioa KPIri egokitzeko” eskatu dio Jaurlaritzari.

Halaber, Uberak sinatutako ekimen parlamentarioak etorkinen euskalduntzea azkartzeko berariazko politikak garatu beharra nabarmentzen du, “adibidez, harrera protokoloetan euskara ikasteko programak txertatuz edota lan eskaintza batekin iristen direnentzako murgiltze-ikastaroak antolatuz, bereziki herritarrekin harreman zuzena duten sektoreetan”.