AKTUALITATEA


| 2021-05-13 14:52:00

EH Bilduk akordio bat sustatu du gaur Legebiltzarrean EAJ eta PSErekin (Elkarrekin Podemos-IUk ere bat egin du) Arabako Errioxako mahatsaren salerosketan prezio bidezkoak eta duinak ziurtatze aldera. Sektore horretan eskualdeko 1.700 familia (% 60) ari direla nabarmendu ostean, Itxaso Etxebarriak azaldu du gaurko akordioaren arabera Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu diola “mahatsaren salerosketa-kontratuen ikuskapenean kontrolak handitu ditzala, mahastizainak babesteko eta haiei mahatsa ekoizpen-kostuen gainetik ordaintzeko”. Bere esanetan, “ez gara helmugara iritsi, baina gaurkoa abiapuntu ona da”.

EH Bilduko legebiltzarkideak akordioaren bigarren puntuaren garrantzia azpimarratu du, Gobernuari eskatu baitzaio upategiei laguntzak ematerakoan erabiltzen duten “Arabako Errioxan ekoitzitako mahatsaren ehunekoa kontuan har dezala, eta ehuneko hori susta dezala kanpaina bakoitzean”. Etxebarriaren iritziz, neurri hori “aurrerapauso garrantzitsua da mahastizainen errentagarritasunerako ez ezik, upategi txikien eta familia-upategien errentagarritasunerako ere, gehienek eskualdeko lehengaiak erabilita ekoizten baitute ardoa; praktika hori sustatzea funtsezko ekarpena da”.

Salatu duenez, upategi handiak, mahats-bolumen handiena kudeatzen dutenak, alegia, oso merke erosten ari dira mahatsa, jaso gabe geratzen den mahatsagatik Ministerioak ordaintzen duen prezioaren azpitik ere. Hala, “batzuetan errentagarriagoa da mahatsa jaso gabe uztea, zein preziotan ordainduko dizuten jakin gabe saltzea baino. Lotsagarria da, iraingarria pertsona horien dedikazio, lan eta duintasunerako. Beraz, ez da harritzekoa orain arte nekazarien esku zeuden mahastiak upategi handien eskuetara pasatzen ari direla ikustea. Upategi horiek eskulan merkea kontratatuko dute, mahatsa gero eta merkeago ekoizten jarraitzeko. Nola da posible kobratzen ari diren diru-kopuru itzelekin mahastizainei prezio bidezkoak eta duinak ordaintzeko gai ez izatea? Eta gehiago esango nuke: Administrazioak, hori gertatzen dela jakinda, zergatik ez du esku hartzen laguntza-deialdietatik kanpo uzteko Elikagai Katearen Legea betetzen ez duten upategiak?”.