AKTUALITATEA


| 2025-02-25 11:27:00

Iragan astean EAJ eta PSErekin sinatutako erdibidekoa, ikastetxeen planifikazio dekretuari buruzkoa, “2022ko Hezkuntza Akordioaren adostasunera itzultzeko bidea” izan daitekeela uste du EH Bilduk, eta etzi bide horretan sakontzeko beste abagune bat egongo dela erantsi du. Izan ere, Hezkuntza Sailak eskola-mapa 2022ko akordioa “zehatz-mehatz kontuan hartuta” berritu dezala proposatuko du koalizioak etzi osoko bilkuran, eta prozesu horretan “inplikatutako sektore guztien inplikazioa bilatu, parte hartzea bermatu eta kontsentsuak lortu” daitezela.

Naiz Irratiak egindako elkarrizketa batean, Ikoitz Arrese legebiltzarkideak aintzat hartu du pasa den osteguneko akordioa, “Hezkuntza Saila 2022ko akordiotik eta elkarlanetik aldendu delako, eta iragan astekoak lan egiteko modu hartara itzultzeko bidea ireki dezakeelako”. Dena den, ohartarazi du, “konfiantza minimoen azpitik dago eta, hitzetatik harago, konpromisoa ikusi behar dugu, hitz horiek elkarlan bihurtu daitezela”.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak urtarrilean indargabetu zuen ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko dekretua ez zetorren bat Hezkuntza Akordioaren edukiekin, azaldu du Arresek, Jaurlaritzak “presaz eta gaizki” egin zuelako. Horren ildotik, uste du dekretua berria egiteko iragan asteko akordioa “adostasunera itzultzeko bidea” izan daiteekeela, “Begoña Pedrosa sailburua konturatu delako harrokeriaz ezin zaiela hezkuntza sistemak dituen gabeziei eta arazoei erantzun. Jaiotze-tasaren beherakadak, migrazio fluxu berriek eta digitalizazioak sistema eraldatuko dute, eta horri erantzuteko modu bakarra elkarlana da, akordioa, ez goitik behera inposatutako erabakiak, inorekin kontrastatu gabeak”.