EH Bildu EAJk eta PSEk sustatu eta onartu duten etxebizitza kontrarreformaren aurka azaldu da Legebiltzarrean, eraiki beharreko babes publikoko etxebizitzen portzentajea %75etik %60ra jaistea ahalbidetuko duenaren aurka, alegia. “Lege honek higiezinen lobbyaren interesei erantzuten” diela salatu du Xabier Astigarragak, eta ohartarazi du “etxebizitza larrialditik ateratzeko baldintzak okertu baino ez dituela egingo”.
Horren ildotik azaldu duenez, “lege honek promotoreen negozioa bermatu nahi du, etxebizitza babestua murriztearen kontura, hirigintza-tramitazioa desarautzearen kontura, gutxieneko ingurumen-bermeak betetzearen kontura eta dagoeneko azpi-finantzazioa pairatzen duten udalen kontura. Lege honek, ordea, ez du hitz egiten ez espekulazioaz, ez errentismoaz, ez hutsik dauden etxebizitzez, ez prezioak jaisteaz. Lege honek ez du etxebizitza eskuratzea erraztuko, eta ez du prezioak jaistea lortuko, hori ez baita bere helburua. Areago, eskubiderik gabe utziko ditu krisi hau gehien pairatzen ari diren pertsona ahulenak”.
Horren aurrean, EH Bilduko legebiltzarkideak “alokairuko etxebizitza parke publikoaren aldeko apustu sendoa eta argia” egin beharra azpimarratu du, “errealitateak argi erakusten baitu gaur egun lehen etxebizitza eskuratzeko beharra dutenen %80k ezin dutela etxebizitza-merkatu librera sartu, ez jabetzan, ez alokairuan. Beraz, herritarrentzat eskuragarria izango den etxebizitza sortzea ahalbidetu behar da; eskaintza eskariari egokitu behar zaio, eta lege honek ez du hori egiten. Etxebizitza merkea, herritarren gaitasun ekonomikoetara egokitzen dena, sortzean jarri behar dira ahaleginak. Eta horretarako, sektore publikoak anbizio askoz handiagorekin esku hartu behar du, baina ez interes pribatuen mesedetan, interes publikoaren defentsan baizik”.
Astigarragak EAJren eta PSEren lege honen zorroztasun falta ere kritikatu du. “Lehenengo xedapen iragankorrak legearen 145. artikuluari egiten dio erreferentzia, existitzen ez den artikulu bati, hain zuzen ere, lege honek zazpi artikulu dituelako guztira. Hori da lege honek duen zorroztasun eta seriotasuna. Adibide bat besterik ez da, baina lege honek izan duen presa eta inprobisazioaren maila argi erakusten du”.
Azkenik, inkoherentzia egotzi dio EAJri: “EAJk Aznarren Gobernuaren Lurzoruaren Legea etengabe kritikatzen du, lurzorua liberalizatu zuelako eta lortu zuen bakarra prezioak izugarri igotzea izan zelako, baina ahaztu egiten zaio EAJ bera izan zela Aznarren lege negargarri haren alde bozkatu zuten taldeetako bat. Lege hark higiezinen krisia eragin zuen eta bere ondorioak ordaintzen ari gara oraindik. Bada, gaur EAJk eta PSEk onartu duten legeak, mugatuagoa bada ere, Aznarren legearen oinarri ideologikoa du abiapuntu”.