AKTUALITATEA


| 2021-06-25 12:22:00

Gaur egun 55.000 baino gehiago dira Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko administrazio publikoetan aritzen diren langile ebentualak; behin-behinekotasun tasa %40koa da, oro har, Euskal Administrazio Publikoan, Europako altuena, baina Osakidetzan %44raino iristen da. Pazis Garcia EH Bilduko legebiltzarkidek gaur salatu duenez, milaka eta milaka langile egiturazko lanpostuak betetzen ari dira modu prekario horretan eta ezinbestekoa da egoera hori iraultzea eta enplegua egonkortzea behin-behinekotasun tasa %8ra jaisteko, horrek izan behar baitu helburua Europarekin homologatzeko.

Hala ere, Jaurlaritzak ez du egun dagoen behin-behinekotasun tasa ikaragarria jaisteko konpromisorik, Garciak leporatu dionez. Izan ere, urteak dira Administrazio Orokorrean lan eskaintza publikoak deitu gabe, adibidez, eta Legebiltzarrean tramitazioan dagoen Kidego eta Eskalei buruzko lege proiektua, enplegu publikoa egonkortzea ahalbidetu behar duena, desaktibaturik geratu da neurri handi batean Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen baten ondorioz. “Horrek gure autogobernuaren zaurgarritasuna agerian utzi du beste behin ere, baina are larriagoa da Jaurlaritza horren aurrean erakusten ari den pasibitatea. Zer ulertu behar dugu? Enplegu publikoa egonkortzeko bideari uko egiten diola, Madrilen erabakiko dutenaren zain?”.

EH Bilduko legebiltzarkideak premiazkotzat jo du enplegu publikoa egonkortzeko prozesu malguak abian jartzea behin-behinekotasun tasa jaitsi eta egungo prekarietate egoera amaitzeko, “salbuespeneko egoera honi salbuespeneko konponbideak eman behar zaizkiolako”.

Bigarrenik, beharrak planifikatu eta asetzeko egonkortu eta sortu beharreko lanpostuak zehazteko diagnostiko bat ere eskatu du Garciak, bai eta egungo kontratazio eredua berrikusteko ere, behin-behineko kontratazioetan abusuak eta iruzurrak ekiditeko.