AKTUALITATEA


| 2024-03-06 12:59:00

EHBILDUK SARTUTAKO MOZIOA:

 

GENEALOGIA FEMINISTAK, ADINEKO EMAKUMEEN AITORTZA ETA GOBERNANTZA FEMINISTA ZAINTZA SISTEMA PUBLIKO KOMUNITARIOA GARATZEKO

Martxoaren 8a dela eta, EUDELek aurtengo proposatu duen erakunde-adierazpenaren eduki osoarekin bat egiten dugu; ez, ordea, iaztik adierazpen hori osatzeko erabiltzen duen erarekin. Izan ere, haren Berdintasun Batzordean, kide guztien ekarpenak eta iritziak jasota idatzi ordez, osatua aurkeztu zaie batzordekideei.

Jokaera horri parte hartzea ahalik eta gehien zabaltzeko ustezko erakunde-ahaleginaren aurkakoa deritzogu. Ildo horretatik, EHBildu udal taldearen iritziz, Lazkaon martxoaren 8aren karira argitaratzeko udal-adierazpena ere, Berdintasun Batzordean eztabaidatu eta adostu behar litzateke, ondoren bozeramaileen batzordeak edo udalbatzak berresteko.

EUDELen ereduzko adierazpenarekin bat egin arren, hutsune handi bat ikusten diogu, eta hura erantsi nahi diogu adierazpenari: zaintza-sistema publiko komunitarioa garatzeko gobernantza-eredu feministaren aldarrikapena.

Horiek horrela, adierazpen hau eraginik gabe gera ez dadin, aurten Lazkaoko Udalak, konpromisoak hartu ordez, ekintza zehatz hauek egingo ditu:

  • Emakumeen memoria lokala aitortu eta berreskuratzeko helburuz,  herriko kale bati aitortza merezi duen emakume baten izena jarriko dio. Adibidez, EHBilduk proposatu zuen Andre Miren Garateri. Era berean, Gerriko Kultur Elkartearekin eta Maizpiderekin elkarlanean 2022an deitu zen (eta ikertzaileen aldetik nahi bezalako erantzunik jaso ez zuen) Lazkaoko Emakumeak gaiarekin bigarren ahalegin bat egiten saiatuko da, hura hobetuz.

  • Lazkaoko Mugimendu Feminista aintzatesteko, jendaurreko aitortza bat egingo du, adibidez, Osokoan Mugimendu Feministak herrian berdintasuneranzko urratsak gidatzen egin duen lan eskerga aitortuta.

  • Errenta baxuenak dituzten adineko emakumeei, bereziki alargunei, ahalduntze ekonomikoa bermatzeko, eskumena duten erakundeei egiten dizkieten diru-sarreren eta pentsioen eskaerak babestea. Udalak bere gain hartzen ditu konpentsazio horiek.

  • Ezagutzak eta esperientziak trukatzeko belaunaldien arteko topaketa- eta elkarrizketa-guneak antolatuko ditu. Horiek ahalduntze feministarako eta baldintza desberdinetako emakumeen aliantzak sortzeko gunean izango dira. Honen adibide dira Berdintasun Batzordetik antolatzen diren ikastaro eta mintegiak. Ildo horretatik jarraitu eta zabaldu egingo ditugu beraz.

  • Herriko zaintza-mahaia antolatuko du. Horren eginkizuna etxeko langileen egoerari buruzko txosten bat osatzea izango da, datorren urtean haien egoera hobetzen hasteko. Halaber, mahai horren eginkizuna izango da zaintza-lanen erantzunkidetasunaz ohartaraztea.

  • Gobernantza feminista honetan datza: egiteko moduei gehiago erreparatzean egiten denari baino. Lazkaoko Udalak lidergo eraldatzaile bat bereganatuko du berdintasuneranzko bidean. Zeharlerrotasunez, estruktura iragazgaitzak apurtu eta sail ezberdinen artean eraiki eta kudeatutako proiektuak konpartituko ditugu.

 

Lazkaon, 2024ko otsailaren 24an