AKTUALITATEA


| 2024-03-26 12:50:00

Eraitz Saez de Egilaz abokatu beasaindarra Gasteizko Legebiltzarkidea da 2020tik, EHBildu koalizioaren eskutik. Bere ikasketen zati bat Lazkaon egin zuen eta lotura zuzena du herriarekin. Gertutasun, gaztetasun eta ezagutza horiez baliatuz, Lazkaoko gazteok arduratzen gaituzten gaiei buruz galdetu diogu

  • Etxebizitza da gazteen arazo nagusietako bat azken urteetan. Zenbatekoa da gazteen emantzipazio adina Euskal Herrian? Zergatik?

Oro har, adin altua da. EAEn zehazki, 29,7 urtean kokatzen da emantzipatzeko batez besteko adina. Baina azken hamarkadan, 30 urtetik beherako pertsonen emantzipazio-tasa % 13 jaitsi da.

Emantzipazioa ezin ulertu dezakegu legezko tutoreen etxetik alde egiteko ekintza soil bezala. Emantzipazioak suposatzen du independentzia ekonomikoa, soziala eta zibila eskuratzea. Emantzipazio prozesu horiek, ordea, oztopatu egiten dira, eta faktore asko identifikatu genitzake, baina nagusiak gazteen prekarietatea eta prezio altuak dira. Azken hamarkadan gazteen batez besteko soldata 150 € jaitsi da, baina alokairu pribatuen prezioek gora egin dute. Hala, 18-34 urte arteko pertsona batek bere kabuz etxebizitza alokatu ahal izateko, bere soldataren %53 bideratu behar du etxebizitza ordaintzera.

  • Konparaketa bat izateko, Europarekin alderatuz, nola gaude?

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteak gazte europarrak baino 4 urte geroago emantzipatzen dira. Beraz, gure herrian bizi duguna salbuespenezko egoera da Europako beste leku batzuekin alderatuta.

  • Zein aldaketa egingo ditu EHBilduk etxebizitza politikan gazteen problematikari erantzuteko?

Gazteak gure herri eta auzoetan errotzeko plan estrategikoak garatzeko konpromisoa dugu. Zentzu horretan, denontzat etxebizitza eskuragarria izan dadin, alokairu pribatuaren ezegonkortasunari aurre egiteko, prezioen igoerei muga jarriko diegu. Era berean, alokairu parke publikoa handitzeko proposamenak landuko ditugu. Besteak beste, zuzkidura bizitokiak jabego publikoan sustatuz (etxebizitza txiki eskuragarriagoak), eta 34 urtetik beherako pertsonentzat bizitokien herena erreserbatuko dugu.

  • Lazkaori erreparatuz, zuk ondo ezagutzen duzun herria izanik, nola esango zenuke dagoela etxebizitzaren egoera hemen?

Gauzak azkar aldatzen ari direla esango nuke. Izan ere, orain arte herri txiki eta ertainetan arazo nagusia alokairu eskaintza baxua izan da. Alabaina, gaur egun, horrez gain, prezioak ere izugarri handitu dira, eta herri handiagoen antza hartu dute. Gainera, inguruko herri handiagoetan etxebizitzarekin dauden arazoak medio, haietako herritar asko Lazkaora etorri dira bizitzera, beraz, horrek ere aldaketak ekarri ditu herrian. Asko hitz egiten dugu hiri handietan gertatzen denaz, baina herri txiki eta ertainetan etxebizitza eskuratzeko dauden arazoak oso larriak dira. Plan eta alternatiba berezituak behar ditugu herri guztietan, herritarrek beste norabait joateko beharrik izan ez dezaten eta Lazkao ere herri bizigarria izan dadin.

  • Amaitzeko, EAEko eta Europako hauteskundeak gainean ditugula ikusita, zer esango zenieke gazteei? Zer eman diezaieke Ehbilduk?

Etorkizuna esperantzaz begiratzeko aukera bat eskaintzen dugu. Gure gizartean eraldaketa nabarmenak gertatzen ari dira. Hainbat esparrutan egiten den lanari esker, Euskal Herria geroz eta feministagoa, ekologistagoa, euskaltzaleagoa, berdinzaleagoa… da. Ezinbestekoa da bultzada horiek eremu guztietan ordezkatzea, baita Eusko Legebiltzarrean zein Europako Parlamentuan ere. Ezin dugu atzera egin, ezta egungo inertziak betikotu ere, etorkizunerantz elkarrekin aurrera egiteko garaia da.