AKTUALITATEA


| 2024-03-26 12:59:00

Aldizkari honek argia ikusi duen egun berean osoko bilkura zuen Lazkaoko udalbatzak. Besteak beste, EHBilduk sartutako mozio bat zuten eztabaidagai: Lazkao tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egiteko mozioa. Galdetu egin beharko diguzu, beraz, mozioa onartu denetz jakiteko. Guk, bitartean hori eskatzeko zer arrazoi izan ditugun azalduko dizugu eta zeuk erabaki merezi zuen.

EHBilduren ekimenez gehitu zuen Espainiako Parlamentuak Etxebizitza Legean tentsio handiko gune izendatzeko aukera. Lege horren kontra bozkatu zuen EAJk, autogobernuaren aurkakoa omen delako; zehazki, 3/2015 Legearekin, Etxebizitzarenarekin eskumen-gatazka eragiten zuela argudiatu zuen. Bada, ez dezagun ahaztu, orain autogobernuaren ikurtzat hartzen duen lege horren kontra bozkatu zuela EAJk.

Zer onura dakarkio tentsio handiko eremu izendatzeak udalerri edo auzo bati? Bada, prezioen igoera mugatzeko aukera ematen dio, espekulazioaren aurkako tresnak ematen dizkio, besteak beste, edukitzaile handiak deituei mugak jarrita eta haien definizioa aldatuta (orain 5 etxebizitza dituztenak). Gainera, lege horrek etxebizitza politikan funtsezko diren bi dokumentu sortzera behartzen du tokiko administrazioa: tentsionatu izatea justifikatuko duen txostena (diagnostiko zabal eta xehea etxebizitzaren merkatuaz) eta ekintza-plan zehatza bere egutegiarekin.

Bi irizpide darabiltza legeak udalerri edo auzo bat tentsio handiko izendatzeko: etxebizitzara bideratutako kopuruak diru-sarreren % 30 gainditzen dituen eta azken bost urteetan (2017-2022 bitartean), metatutako KPIa (% 14) hiru puntuan gainditzen duen salerosketa- eta alokairu-prezioen bilakaerak, alegia 2017ko KPI baino % 17 handiagoa den. Ez dago bi irizpideak batera bete beharrik; nahikoa da bietako bat beteta tentsio handiko izendatu ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitzaren Behatokiak 2023ko abenduaren 14an argitaratu zuen txostenean, Lazkaok lehen baldintza ez, baina bigarrena betetzen duela azaldu zuen. Lehenengo baldintza, etxebizitzara bideratutako gastua ez da sarreren % 30 baino handiagoa. Guk zalantza egiten dugu datu hau erabiltzea bidezkoa den; izan ere, arrakala handia izan liteke, adibidez, etxe-jabeen eta maizterren errentetan. Eta irizpide honek guztiak hartzen ditu barne. Ez al litzateke alokairuan bizi diren maizterrena bakarrik hartu behar kontuan? Hala eginez gero, seguruenik, % 50 gaindituko luke kasu askotan etxebizitzara bideratutako kopuruak. Bigarren baldintza, Lazkaok betetzen duena, prezioen gorakadarena da, alegia, etxebizitzen salerosketa- nahiz alokairu-prezioak % 17tik gora igo dira azken bost urteetan.

Nori lagun diezaioke tentsio handiko izendatzeak? Arazoa beren baitan jasaten duten maizterrei eta alokairuko etxebizitza bila dabiltzanei. Horregatik dago EHBildu tentsionatu izandatzearen alde.