AKTUALITATEA


| 2022-09-20 19:07:00

EH Bilduren Nafarroako diputatu Bel Pozuetak Teresa Ribera presidenteordearen premiazko agerraldia eskatu du gaur Kongresuan, Esako urtegia handitzeko lanen segurtasun arazoei buruzko azalpenak emateko eta Bide, Kanal eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak egindako txostena baloratzeko.

Diputatu subiranistak hilabeteak daramatza Espainiako Gobernuak gai honetan duen gardentasun falta salatzen; behin eta berriz eskatu dio Esako segurtasun arazoak zehazten dituen txostena argitara dezala, lanen benetako arriskuak ezagutu ahal izateko. Nafarroako Parlamentuan eta Kongresuan elkarlanean garatu du egitasmoa Pozuetak, Adolfo Araizekin batera. Hain justu, Pozuetak kritikatu du azken hilabeteetan Espainiako eta Nafarroako gobernuek, biek PSOE buru dutela, entzungor egin dietela eskari guztiei eta beste alde batera begiratu dutela, segurtasun arazoei buruzko informazio eskariei muzin eginez eta 2017an agindutako txostena behin eta berriz ezkutatuz.
 

Urtebetez ezkutatutako txostena

Irailaren 15ean jasotako erantzun parlamentario batean, Espainiako Gobernuak Pozuetari aitortu dio uztailaren 22an igorri ziola Nafarroako Gobernuari Esako lanei buruzko txostena. Horrek baieztatzen du Nafarroako Gobernuak uztailetik zuela txosten hori. Hala ere, gobernuak orduz geroztik ez die informaziorik helarazi talde politikoei, ezta kaltetutako taldeei ere; duela aste gutxira arte gobernuak ukatu egin zuen txostena jaso izana.

Erakundeek urtebete baino gehiagoz ezkutatutako txostena eskuratu du azkenean EH Bilduk, eta Ribera ministroak Kongresuan azalpenak ematea espero du, txostenaren eragina aztertzeko asmoz. Nafarroako eta Espainiako gobernuek orain arte izandako iluntasuna eta ziurgabetasuna alde batera uzteko eskatu du Pozuetak, eta Esa urtegiko segurtasun arazoak konpontzeko neurriak hartzeko deia egin du. Lanak etetearen alde egin du Nafarroako diputatuak, inolako arriskurik ez dakartela ziurtatu arte.