Datorren asteazkenean, otsailaren 28an, bi urte beteko dira Pablo Gonzalez euskal kazetaria atxilotu eta espetxeratu zutenetik; Ukrainako errefuxiatuen iritsieraren jarraipena egiten ari zen Poloniatik. Orduz geroztik, behin-behineko espetxealdian dago baldintza gogor eta latzetan, epaiketaren zain, laster epaituko duten itxurarik gabe.
Egoera mingarri eta onartezin horren aurrean, EH Bilduk beste behin Gonzalezen egoeraren inguruko kezka eramango du Kongresura: asteazkeneko kontrol saioan neurriak eskatuko dizkio Jose Manuel Albares Atzerri ministroari, eta galdetuko dio nola bermatu eta errespetatu asmo dituen euskal kazetariaren eskubideak epaiketa justu bat izateko.
Espetxealdiaren luzapena, zortzigarrenez
Berriki, kazetariaren behin-behineko espetxealdia beste hiru hilabetez luzatzea erabaki du Poloniako Justiziak. Zortzigarren luzapenaren ostean, Pablo Gonzalezek gutxienez bi urte baino gehiago igaroko ditu kartzelan, inolako epaiketarik eta frogarik gabe. Horregatik, espetxeratu zutenetik bi urte beteko diren egun berean, Jon Iñarritu diputatuak Espainiako Gobernuari eskatuko dio argitu dezala nola bermatuko dituen euskal kazetariaren eskubideak Gonzalezen aurkako prozesuak atzerapen bidegabe gehiagorik jasan ez dezan.
Bi urteotan hainbat bisita batzuk jasotzeko aukera izan duen arren, Pablo Gonzalez ezohiko egoeran dago Polonian, oraindik ez baitu epaiketaren datarik eta, espetxean daramatzan bi urteetan, ez dute haren aurkako frogarik aurkeztu. Eskubideen urraketa larri horren eta babesgabetasunaren aurrean, Gonzalezen berehalako askatasuna exijitu du EH Bilduk, eta espetxean jarraitzen duen bitartean baldintza duinak aldarrikatu, egun pairatzen duen isolamendu egoeratik urrun.
«Lotsagarria da. Egoera guztiz bidegabea bizitzen ari da Pablo Gonzalez, orain arte ezin izan duelako bere burua defendatu. Espainiako Gobernuak ezin du beste alde batera begiratzen jarraitu», ohartarazi du Iñarrituk. Gobernuak esku hartzea eta zuzenean inplikatzea nahi du ezkerreko talde subiranistak, kazetariaren askatasuna lehenbailehen lortzeko.