AKTUALITATEA


| 2022-05-25 17:56:00

Zigor Kodea erreformatzeko eta monarkiaren aurkako adierazpenak despenalizatzeko asmoz EH Bilduk eta ERCk aurkeztutako lege proposamena onartu du asteazken honetan Senatuak; gaur egun, sei hilabete eta bi urte arteko espetxe zigorrak jasotzen ditu Zigor Kodeak monarkia iraintzeagatik. Euskal Herriko eta Kataluniako indar subiranistek 145 senatariren babesa lortu dute; 111k aurka bozkatu dute eta bik abstentziora jo dute. Gaurko bozketan onartutako egitasmoari esker, Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzea onetsi dute senatariek, banderak erretzeagatik edo monarkia iraintzeagatik legeak ezartzen dituen zentsurak gainditzeko. «Artista, kazetari edo bestelako pertsonen iritzi eta kritikak jazartzeak zuzenean eragiten die sistema demokratiko baten oinarriei. Onartezina eta erabat neurrigabea da», azaldu du Idurre Bideguren senatariak.

Monarkiaren aurkako irainak despenalizatzea eskatzen duten nazioarteko hitzarmenak lehenbailehen betetzeko premia nabarmendu du EH Bilduren ordezkariak. Bidegurenek gogoratu du Koroaren aurkako irainak zigortzea Espainiako Estatuak 1979an berretsitako hitzarmenaren eta Giza Eskubideen adierazpenaren aurka doala. Gaineratu duenez, halaber, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hainbat alditan ezarri duela gai honen inguruko jurisprudentzia, eta ohartarazi du «lotsagarria» litzatekeela beste behin ere Espainiako Estatuari kargu hartzea oinarrizko eskubideak urratzeagatik. «Eragile sozialek, kazetariek, abokatuek, artistek edota Amnesty International bezala elkarteek askotan egin dute aldarrikapen hori. Europako Kontseiluak eta Nazio Batuen Erakundeak ere legedia berrikusteko eskatu diote Espainiako Estatuari behin baino gehiagotan. Oraindik, baina, ez du aurrerapausorik eman zoritxarrez», salatu du.


Erakunde anakroniko baten pribilegioak

Bidegurenen hitzetan, bere burua demokrazia aurreratu eta modernotzat duen Estatu batek herritar guztien adierazpen askatasuna bermatu beharko luke, iritzi aniztasuna ziurtatuz eta informazioa jaso eta zabaltzeko eskubidea lehenetsiz: «Kritika politikoaren esparruan, gaitzespen adierazpenak eta protestak egotea positiboa da gizartearen dinamismoarentzat eta aniztasunarentzat».

Azkenik, Juan Carlos Borboikoak Espainiako Estatura egin berri duen bisitaren harira, EH Bilduko senatariak gogorarazi du monarkia inposatutako erakunde anakronikoa dela, euskal herritarren babesik ez duena, bortxaezintasunaren pribilegioa duena, inori azalpenik ematen ez diona, ikertu ezin dena eta, gainera, Kongresuaren kontroletik at dagoena. «Zentzuzkoa iruditzen al zaizue kritikarik ere ez egin ahal izatea? Egungo gizarteak, gero eta gardentasun handiagoa eta ustelkeriarekin amaitzeko eskatzen du. Ez da ulergarria monarkiaren aurkako mezuak zigortzen jarraitzea», amaitu du.