AKTUALITATEA


| 2022-03-22 14:00:00

PSOE, PP, Vox eta Ciudadanosen aurkako botoek 1976ko martxoaren 3ko sarraskia ikertzea eragotzi dute gaur. Kongresuko bozeramaile batzordeak atzera bota du Gasteizko sarraskian gertatutakoa ikertzeko eta erantzukizun politiko eta penalak argitzeko EH Bilduk egindako eskaera; Espainiako polizia armatuak Zaramagako eliza hustu bitartean jaurtitako tiroen ondorioz bost langile hil zituzten, eta ehun baino gehiago zauritu.

Egitasmo horrekin, Martxoak 3 elkarteak eginiko aldarrikapen etengabeei erantzutea eta erantzuleei dagozkien erantzukizunak argitzea zuen helburu EH Bilduk, biktimen aitortzan eta erreparazioan aurrera egiteko baliabideak eskainiz. «Baina argi geratu da, beste behin ere, ez dutela inolako interesik egia osoa ezagutzeko eta argitara ateratzeko, baizik eta ezkutatzen jarraitu nahi dutela, gertatutakoa argitzeko oztopoak jarriz», ohartarazi du Mertxe Aizpuruak.

EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi du ez dela lehen aldia PSOE eskuineko alderdiekin lerrokatzen dela 'Trantsizio' garaiko gertakari ilunen ikerketa oztopatzeko. EH Bilduren Kongresuko bozeramailea irmo mintzatu da PSOEk bozeramaileen batzordean izan duen jarreraren inguruan, eta honela kritikatu du biktimen eskaerei bide eman ez izana: «Biktimek eta familiek urte luzeetan zehar errepikatu dute. Ez dute lorerik nahi, ezta hitz polit eta jarrera hutsik ere. Ekintzak nahi dituzte. Gaur, eskuin muturraren eskutik, PSOEk bizkarra eman die berriro, ikerketa batzordeari eta sarraskiari buruzko egia ezagutzeari ateak itxiz». 

 

Biktimen elkartearen eskaerari erantzunez

EH Bilduren egitasmoak Martxoaren 3ko Biktimen Elkartearen eskaera batean du abiapuntua: hitzetatik ekintzetara igarotzeko eta justizia egiteko mekanismo politikoak martxan jartzeko eskatu zieten alderdi politikoei, eta EH Bilduk horren ostean aurkeztu zuen eskaera. Kongresuko Mahaiak tramitera onartu zuen iragan astean talde subiranistak proposatutako ikerketa batzordea: euskal gizartearen gehiengo zabalaren aldarrikapen historikoei erantzutea, gertatutakoa ikertzea, erantzukizunak argitzea eta Manuel Fraga, Alfonso Osorio eta Martín Villa ministro ohien inplikazio penala ezagutzea zuen helburu. EH Bilduren eskaerak Unidas Podemos, ERC, Junts, Mas Pais eta EAJren sostengua lortu du, baina ez da aurrera atera PSOE, PP, Vox eta Ciudadanos kontrako botoengatik. 

EH Bilduren arabera, «mingarria da» Espainiako Estatuko indar politiko handien borondate politiko falta baieztatzea, 1976ko martxoaren 3ko indarkeria polizialari buruzko xehetasunak argitaratzeari eta erreparazioan aurrerapausoak emateari uko egin baitiote beste behin. «Bidegabea da egin dutena. Arduragabekeria politiko larria da, biktimak mintzen eta iraintzen dituena. Elkarbizitza inklusiboa eraikitzeko, biktima guztiek eskubide berberak izan beharko lituzkete, lehen mailako eta bigarren mailako biktimak egon ez daitezen. Biktima ororen testigantzak aintzat hartu eta erreparazioaren bidean pauso sendoak emateko garaia da», salatu du.

46 urteren ostean, zauriak irekita darrai

Ezkerreko talde subiranistak «ulertezintzat» jo du PSOEk PP, Vox eta Ciudadanosekin bat egin izana ikerketa batzordearen aurka, are gehiago 46 urtean inpunitatearekin amaitzeko eta egia ezagutzeko bideak jar zezakeela jakinda. «EH Bildutik ez dugu amore emango, eta buru-belarri lanean jarraituko dugu martxoaren 3ko biktimei zor diegun egia, justizia eta erreparazioa bermatzeko. Haiek gogoratzen diguten bezala, 46 urteren ostean, oraindik ere zauriak irekita jarraitzen duelako, ixteko zain», nabarmendu du Aizpuruak.

EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak berretsi du aurrerantzean ere ahalegin guztiak egingo dituztela biktimen elkartearen eskutik sarraskiaren atzean dagoen argitzeko. PSOEren Kongresuko bozeramaile Hector Gomez prest agertu da hitz egiteko eta «beste bide batzuk bilatzeko». «Kezka adierazi duten taldeak gonbidatzen ditugu beste mekanismo batzuk bilatzera, proposatzen diren helburuak lortzeko. Proposatzen den ereduarekin bat ez bagatoz ere, ikerketa batzordea ez da erreminta egokiena hori egiteko, bestelako alternatiba posibleak aztertuko ditugu», zehaztu du Gomezek.