AKTUALITATEA


| 2024-03-19 17:58:00

EH Bilduko senatari Josu Estarronak neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Garraio ministro Oscar Puenteri, ezohiko arrazoiengatik helmugan lurreratu ezin diren hegaldiek inguruko edo gertuko aireporturen batean lur har dezaten, jatorrizko aireportura itzuli behar ez izateko. Senatuko kontrol saioan, ministroak erantzun du neurriak hartzen ari direla euskal aireportuen egoera hobetzeko, eta jakinarazi du Forondako aireportuan hobekuntzak egiten ari direla "alternatiba" izan dadin horrelako kasuetan.

Gero eta maizago gertatzen dira klima aldaketaren ondorioz hegaldiei eragiten dieten fenomeno meteorologikoak. Hala adierazi du Estarrona senatariak: "Ministerioak berak 2023an emandako behin-behineko datuen arabera, Loiun, Hondarribian, Forondna eta Noain-en desbideratu behar izan ziren hegaldien %70 inguru arrazoi meteorologikoengatik izan ziren, eta zati handi bat jatorrizko aireportura itzuli ziren".

Errealitate hori sarritan errepikatzen da Bilboko aireportuan, kasu askotan hegazkin horiek Madrilera, Bartzelonara edo Malagara itzultzen baitira, 70 km-ra dagoen Forondako aireportuan lurreratu beharrean. "Eta hori gertatzen bada, enpresa logikak lehenesten direlako da", ohartarazi du EH Bilduko senatariak.

 

Eragozpenei aurre egiteko beharra

Horregatik, eta azpiegituren sare nagusia (aire-garraioa, besteak beste) klima aldaketara egokitzeko premien aurrean, eta egoera horrek bidaiariei zein langileei sortzen dizkien eragozpenen aurrean, Estarronak "funtsezkotzat" jo du aldaketak egitea abiazio iraunkorraren alde, eraginkortasun operatiboa handituko duten hegazkin arauen eta ekintzen bidez: besteak beste, helmuga aireportuan lurreratzeko aukerarik ez dagoen kasuetan, gertuko aireportuan lurreratu ahal izatea.

"Abiaziorako erregai fosilak erretzeak berotze globalari laguntzen dio, eta horren ondoriozko berotzeak arazoak sortzen ditu aireko bidaiekin. Zirkulu bat da. Eta argi dago irtenbideetako bat hegaldi kopurua gutxitzea dela, eta hegazkin konpanien jarduna ez doa norabide horretan", ondorioztatu du senatari subiranistak.

 

Ministroaren erantzuna

EH Bilduren galderari erantzunez, Puente ministroak EAEko aireportuetan egiten ari diren hobekuntzak aipatu ditu, eta jakinarazi du Forondako aireportuan hobekuntzak egiten ari direla prozeduretan eta maniobretan AENArekin lankidetzan. Horrek, ministroaren hitzetan, eraginkortasuna "hobetuko" luke meteorologia txarreko egunetan, aireportuko operazio-altitude minimoak "gutxituz" eta "handituz". Forondak aireportu operatibo gisa erabiltzeko "aukerak eta erabilgarritasuna" dituela uste du Puentek.