AKTUALITATEA


| 2024-02-13 12:24:00

Legez kanpoko arrantzari aurre egiteko eta kontrolak areagotzeko mozioa onartzea lortu du EH Bilduk Senatuan. Mozioak Espainiako Gobernuari eskatu dio neurriak bultza ditzala Europako Batasunean legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantzatik eratorritako produktuen inportazioa geldiarazteko. Horretarako, kontrol sistemak indartzea galdegiten du. Mozioa bere horretan bozkatu da gaur Senatuko Arrantza Batzordean. Arrantzatik eratorritako produktu ororen trazabilitatea bermatzeko tresnak martxan jartzea ere badakar egitasmoak, "arrantza produktuen jasangarritasuna nahitaez ziurtatzen duten etiketak sustatuz".

EH Bilduren bozeramaileorde Idurre Bidegurenek ahotsa jarri die euskal arrantzaleen aldarrikapenei mozioaren aurkezpenean: "Legez kanpoko arrantzak dakarren arriskua jarri nahi dugu mahai gainean", ekin dio hitzartzeari senatariak. Argudiatu duenez, legez kanpoko arrantza "mehatxua" da itsasoko ekosistementzat eta ozeanoen babeserako, baita arrantza sektorearen ospearentzat eta arrantzaren ongizate sozial eta ekonomikoaren menpekoak diren komunitateentzat ere.

 

%70a atzerritik

Europako Batasunaren araudiak debekatu egiten du dagoeneko arrantza ilegalaren bidez lortutako produktuen inportazioa: besteak beste, 2020an arrantza ilegalarekin amaitzeko helburua jarri zion bere buruari. Aitzitik, helburu horretatik urrun, gora egin du urtero arrantza ilegaletik eratorritako produktuen inportazioak. "Zaila da kalkulatzea zein den arrantza ilegalaren irismen zehatza, baina kalkuluen arabera, %20aren bueltan dago zenbait espezieri dagokionez: 500.000 tonelada eta 1.100 milioi eurora irits daiteke. Gure flotak etorkizuna izatea nahi badugu, ezinbestekoa da itsas baliabideak babestea, arrantza iraunkorra bermatzea eta legez kanpoko arrantzarekin amaitzea. Ez da nahikoa orain arte egin dena. Egin dezagun eskura dugun guztia praktika ilegalekin amaitzeko".

Egun, Europako araudia bete gabe aritzen diren (izan lan baldintzak, ingurumen baldintzak edo giza eskubideak) eta jasangarritasun irizpidea bermatzen ez duten ontziekin lehiatzen da arrantza jasangarria merkatuan. Kopuru handietan egiten dituzte inportazioak, eta horrek lotuta zuzena dauka salmentekin, prezioa erabat baldintzatzen duelako. Bidegurenek gogora ekarri du Europa eta bereziki Espainiako Estatua arrantza produktuen inportatzaile handiak direla: "Kontsumitzen diren produktuen %70a atzerritik dator".

"Supermerkatuko apalategi berean arrantza jasangarriarekin konprometitutako itsasontzi batek arrantzatutako produktua dugu eta, bestean, Europako estandarrak betetzen ez dituztenak. Kontsumitzaileak ez du behar beste informazio erosketa arduratsu bat egiteko", zehaztu du senatariak. Bidegurenek uste du ezinbestekoa dela inportazioen kontrol eraginkorra egiteko legez kanpoko arrantzarekin amaitzeko, eta pozik mintzatu da egitasmoak jasotako babes zabalarekin.