AKTUALITATEA


| 2022-04-27 11:59:00

Independentisten aurkako espioitza parte hartu du ministerioren batek? Pegasus sistemarekin ordezkari independentistei egindako espioitza masiboari buruz galdetu dio gaur EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk Espainiako Gobernuko Presidentzia ministro Felix Bolañosi, Kongresuko kontrol saioan. Gobernuak krisi bikoitza sortu izana leporatu dio Iñarrituk Bolañosi, bai ezkerreko blokearekin eta baita nazioartean ere. «Harrigarria iruditzen zait gobernuak krisia konpontzeko eta kudeatzeko martxan jarri duen estrategia politiko eta komunikatiboa. Espainiako Estatua da Pegasusen bitartez espioitza kasu gehien dituen Europako herrialdea. Konfiantzak hautsita daude, eta horrek gobernagarritasuna eta egonkortasuna arriskuan jartzen ditu».

Erantzukizunak argitzea

Iñarrituren hitzetan, gobernuak etorkizunera begira egindako proposamenak ez dira nahikoak, eta ohartarazi du «Sekretu Ofizialen Batzordeak ez duela ezer argituko». Gobernuak mahai gainean jarritako lau neurriak aurrerapausotzat jo ditu, baina harago joateko eta ausardia handiagoz jokatzeko eskatu dio, «azken hamarkadetako eskandalu politiko handienaren aurrean». «Ez dugu nahi Gobernua hankaz gora jartzea eta ultraeskuina gobernura iristea. Horregatik, egoerak kezkatzen gaituenez, uste dugu ez zaizkiola behar bezala aurre egiten ari auzi honi. Baga garaia neurri sendoak hartzeko eta erantzukizunak argitzeko, inori berriz gerta ez dakion. Bateraezina da Estatua demokraziatzat jotzea eta, aldi berean, oposizioa zelatatzea», ohartarazi dio Iñarrituk Bolañosi.

Egoeraren larritasunaz jabetuta, EH Bilduk uste du gobernuak lehenbailehen argitu beharko lukeela gertatutakoa. Iñarrituk gogor kritikatu ditu CNIk prentsara egindako filtrazioak, diputatuei informaziorik helarazi ez dietelako. Diputatuak zalantzan jarri du gobernuak gertatutakoa Sekretu Ofizialen Batzordera bideratzea eta bertan arreta guztia jartzea: «Badirudi CNIk, baimen judiziala duten kasu batzuetan, esku-hartzeak egin dituela. Eta gainerakoekin zer gertatzen da? Ukatu egingo dituzue? Hori al da bertsio ofiziala? Nork egin ditu esku hartze horiek guztiak? Estatuko estolderiek? CNIk? Beste herrialde batek? Ez al zaituzte kezkatzen?».