AKTUALITATEA


| 2024-03-12 18:13:00

EH Bilduren Arabako senatari Josu Estarronak automozio eta mugikortasunaren industria eraldatzeko neurrien inguruan galdetu dio gaur, Senatuko kontrol saioan, Industria ministro Jordi Hereuri. Zehazki, Gasteizko Michelin enpresaren birmoldaketa garatzeko kudeaketen inguruan ere galdetu dio, etorkizun industriala eta enplegua mantentzeko asmoz. “Azken urteetan eman diren ixte eta deslokalizazio prozesuak eman diren arren, Hego Euskal Herriko ekonomian eta enpleguan industriak pisu handia dauka", adierazi du EH Bilduko senatariak. Horren adibide dira Iruñeko Volkswagen-Landaben eta Gasteizko Mercedes eta Michelin enpresak.

Mercedes eta Michelinen milaka pertsonek egiten dute lan: 5.000 eta 3.500 langilek, hurrenez hurren. Aitzitik, haien egoera oso bestelakoa da. Mercedesek egoera lasaia bizi duen bitartean, birmoldaketarako inbertsioei eta zabalpenei esker, Michelinek 150 lanpostu murriztu nahi ditu, eta datozen hiru urteetan egitekoa zuen 75 milioi euroko inbertsioa geldiarazi nahi du orain. Hain justu, ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoaz (ESEPE) zuzendu zaio EH Bilduko senataria.

"Pneumatiko-fabrikatzaile frantsesaren zuzendaritzak dio ibilgailu elektrikoa eta konektatua (VEC) garatzeko ESEPEan ez dagoela sartuta pneumatikoen sektorea. Horregatik deskarbonizazioaren inguruko ESEPEan aintzat hartzea proposatzen du. Hala ere, jaso ditugun erantzun parlamentarioetan egiaztatu dugu, uztailaren 7ko BOEn argitaratutako ICT 736/2023 aginduaren bidez, kautxu sintetikoa forma primarioetan fabrikatzea eta kautxuzko produktuak fabrikatzea bai aurreikusten dela ESEPE horretan", azaldu du Estarronak.

 

Ministroaren erantzuna

Argi mintzatu da Jordi Hereu Industria ministroa, eta bere erantzunean arrazoia eman dio EH Bilduko senatariari . Adierazi du Gasteizko Michelin enpresak deskarbonizazio ESEPEaz gain, VEC ESEPEa ere eska dezakeela. "Aukera baliatu nahi dugu Michelin enpresa animatzeko martxan jarriko diren VEC (ibilgailu elektrikoa eta konektatua) ESEPE ezberdinetan parte hartzera, kautxu sintetikoaren eraldaketaren sektorea ere aintzat hartzen duelako".