AKTUALITATEA


| 2021-09-30 14:17:00

Bizkaia Irratiko mikrofonoetatik igaro da gaur goizean Idurre Bideguren EH Bilduko senataria. Bertan, aktualitateko hainbat gairi heldu die, hala nola, pentsioen erreforma, eskumenen auzia edota Gobernuko aurrekontuen negoziazioa. Hemen laburpen bat:

Iberdrolaren xantaia

Hasieratik esan dugu egiturazko neurriak hartu behar direla argindarraren prezioa jaisteko. Agerian geratzen ari da oligopolioaren boterea prezioak ezartzeko eta gobernuen jarduna baldintzatzeko. BEZa jaisteak eragin murritza izan zuen, eta orain neurri ausartagoak hartu direnean, xantaia izan da enpresen erantzuna.

Oinarrizko zerbitzuak esku publikoetan egongo balira eta energiaren kudeaketa gure erakundeen esku egongo balitz beste erantzun bat emango genioke

Pentsioen erreforma

Alde batetik, pentsio sistema bera erreformatu behar dela argi dugu, zaharkituta dago eta ez dio unean-uneko egoerari erantzuten. Gaurkotu beharra dago. Hau da beste gai bat, hain inportantea guretzako, Madrilen erabakitzen dena. Mahai gainean jarri genuen lehenengo unetik. Euskal Herrian ere pentsiodunen mugimenduaren indarra adibide argia izan da astero-astero, eta gu haien ahotsa izaten saiatu gara Madrilen, haien aldarrikapenei bide ematen.

Aldaketak etorriko dira, hori badakigu, baina gobernu honekin badakigu egun batean gauza bat esan eta hurrengoan bestea egiten duela; orduan, gauzak egikaritu arte ezin gara fidatu. Momentu honetan guk esan dugu aurkeztu duten proposamenaren puntu negatiboak zeintzuk diren eta ikusiko dugu aldatzeko borondatea duten ala ez.

Argi dugu pentsioak igo behar direla, ematen du hori konpontze aldera doazela, baina ez dirudi konponduko dutenik pentsio txikienak dituzten pertsonen egoera eta hori premiazkoa da guretzat. Pentsiodunek erosahalmena galdu dute urteotan.

Ez badugu nahi pertsona bakarra ere pobrezia egoeran egoterik, gutxieneko soldata eta pentsio duinak zor dizkiegu herritarrei, gutxien kobratzen dutenei pentsioak igota. Orain arteko erreformek ezberdintasunak areagotu besterik ez dute egin.

Eskumenen auzia

Bizitzeko Gutxieneko Errentaren transferentzia eskatu berri diogu Senatuan Escriva ministroari, hala adostu zutelako euskal erakundeekin. Ez gara sukurtsal bat, gure politikak kudeatzeko gaitasuna dugu. 40 urtetan Gernikako Estatutua ez da oraindik bete, eta horrek gure erabakitzeko gaitasuna ahuldu du. 

Pandemia garaian ikusi da argi eta garbi: Madrilgo erabakien zain jarri gaituzte eguneroko neurriak erabakitzeko. Argi ikusi da ze inportantea den hemen tresna propioak edukitzea, gure erabakiak hartu ahal izateko. Autogobernua errespetatzeko eskatzen diogu Madrili, eta berau sakontzea da gure helburua.

Aurrekontuak

Arlo sozial eta laboralean eskubideak irabaztea da erronka nagusia aurrekontuen negoziazioan. Baita herri ezberdinetatik iristen zaizkigun beharrizanei erantzuna ematea. Hasi gara gobernuarekin hartu-emanean, eta positiboak izan dira lehen bilerak.

Jarrera eraikitzailea izango dugu, eta erantzukizunez arituko gara. Ez dugu marra gorririk jarriko, baina ezta txeke zuririk ere ez. Exijenteak izango gara, aurretik adostutako akordioak oraindik ere ez direlako bete. Sozialki aurrera egiteko gobernu egokiena bada, praktikara eraman eta erakutsi egin beharko du. Ekintzak baloratuko ditugu, ez hitzak.