AKTUALITATEA


| 2020-05-13 11:12:00

«Argitasuna eta determinazioa behar dugu gure bizitzetatik harago doan krisi historiko baten aurrean. Eskuin neoliberal eta birzentralizatzailearen politiken alde egiten duzu apustu inbestidura saioko gehiengo aurrerakoiaren aurrean? ¿Bai ala ez?». Modu horretan zuzendu zaio Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioko diputatu Oskar Matute Espainiako Gobernu presidente Pedro Sanchezi Kongresuko kontrol saioan. Zubiak berreraikitzeko eta inbestiduran osatutako gehiengo aurrerakoiaren bidetik joateko eskatu dio diputatu subiranistak Sanchezi. Matutek, gainera, eskuin neoliberal eta birzentralizatzailearekin akordioak egitearen arriskuez ohartarazi dio Sanchezi, Espainiako Gobernuak Ciudadanosekin alarma egoera laugarrenez luzatzeko ituna egin eta astebetera.

«Eskuinak lortu zuen aberatsak aberatsago izan daitezela eta pobreak are pobreagoa 2008ko krisialdiaren kudeaketan. Eskuinak eragin zuen baliabideen %90a herritarren %10aren esku egotea, gizartearen %1ak aberastasunaren %25a pilatzea, arrakala sozialak areagotzea eta zaintzaren esparrua arreta publiko eta politiko orotik baztertzea. Hori da eskuinak egin zuena, eta kezka handiz diogu hori gerta daitekeela berriro Espainiako Gobernuak eskuinarekin ados jartzeko hautua egiten badu», ohartarazi du Matutek.

Bere erantzunean, Pedro Sanchezek eztabaidak ez nahasteko deia egin du, alarma egoera luzatzea behar puntual bat dela iritzita, eta «ez koalizio gobernu aurrerakoi honen proiektu politikoa». «Alarma egoera ez da proiektu politiko bat. Gurea bezalako gobernu progresista baten proiektu politikoa bestelakoa da. Ongizate Estatua indartzea, eskubide eta askatasunak zabaltzea, eskuinak eta ultraeskuinak zalantzan jartzen dituen eskubideak babestea (genero berdintasuna, kasu), Europaren papera sendotzea eta inbestidura saioan Kongresuaren gehiengoaren babesarekin hemen defendatu nituen neurriak indarrean jartzea», azaldu du.

Eraldatzea, ez berreraikitzea

Matuteren iritziz, ordea, norabidez aldatzeko ordua da: 2008an herrialde askoren pobrezia eragin zuen eta berdinatasunik eza oinarritzat duen eredu neoliberalen alde egitea berriro ere edo fronte aurrerakoi bat martxan jartzea egungo eredu sozioekonomiko agortua errotik eraldatzeko, ez berreraikitzeko. «Egungo egoera eraldatzeaz ari gara, eredu ekonomiko eta sozial berri bat lortzeko. Eta, batez ere, krisi hau ez dezaten 2008ko krisia ordaindu zuten sektore berberek ordaindu: gazteek, emakumeek eta langileek», nabarmendu du.

Sanchezek Matuteri erantzun dio urtarrileko inbestidura saioan zehaztutako bide orri aurreraikoiak are gaurkotasun handiagoa duela orain COVID-19aren krisialditik irteteko. Sanchezek «behar puntual eta aldi baterako» gisa jo du joan den astean Ciudadanosek alarma egoera luzatzeko dekretuari emandako babesa. «Pandemia hau gure bizitzetako krisia baldin bada, horrek agerian uzten du agintaldi hasieran zehaztu nizkizuen bide orri eta gobernu programak are garrantzia eta zeresan handiagoa izango dutela hurrengo urteetan. Horixe da gure proiektu politikoa. Bestea, alarma egoera luzatzearena, behar puntual bat besterik ez da, pandemiari ikuspegi konstituzional batetik erantzuteko asmoa duena».

Aberastasunaren gaineko zerga eta enpresak nazionalizatzea 

Bide berean, politika fiskal berria martxan jartzea proposatu du Matutek, aberastasunaren gaineko zerga modu argian ezarriko duena, 2008ko akatsetan ez sakontzeko. Horretarako, EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen du erreskatean bankuei emandako dirua berreskuratzea, zaintza politika publiko guztien erdigunean jartzea, eraikuntza obra handiak atzeratzea eta enpresak nazionalizatzea«Ez gaude hemen aldatu ezin ditugun gauzak onartzeko, onartu ezin ditugun gauzak aldatzeko baizik», adierazi du Matutek bere hitzartzearen amaieran.