AKTUALITATEA


| 2022-03-18 10:20:00

Miquel Iceta ministroak proposatutako Kirol Legeak euskal erakundeen eskumenak urratzen dituela salatu du EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak, eta euskal selekzioen nazioarteko ordezkaritza aldarrikatu du kirolean eta kulturan, euskal gizartearen gehiengo zabala eskaerari erantzunez. Aizpurua oso kritiko mintzatu da Espainiako Gobernuak aurkeztutako legearekin: "Berriro ere, Kongresu honetan faktore saihestezina dirudienarekin egiten dugu topo: abian jartzen den ia lege bakoitzean autonomia-erkidegoen eskumenen inbasioa nagusitzen da. Ministerio guztiak lanean hasten diren unetik bertatik autonomia-erkidegoei transferitutako eskumenak kontuan hartuko beharko lituzkete. Koherentziagatik egiten ez bada, egin ezazue gutxienez, praktikotasunagatik, horrela hasieratik arazo asko saihestuko genituzkeelako".

EH Bilduk Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, Kirol Legea ez da "nazioaniztasunaren aldeko diskurtsoaren isla". Gobernuko kideek sarritan aitortzen badute ere, araudi honetan alde batera utzi dutela salatu du. Aizpuruak uste du testuak kontuan hartu beharko lukeela Estatua osatzen duten nazioen eta nazionalitateen berezitasuna eta aniztasuna. Euskal diputatuak hainbat adibide jarri ditu: "Errealitate bereizgarri hori jaso beharko luke lege berri honek, Europako beste Estatu batzuetan egiten duten bezala. Adibidez, Eskoziako errealitatea kirol britainiarraren barruan dago jasota. Eta badira adibide gehiago, selekzio propioen ordezkaritzak berezko izaera dutenak, hala nola Galesko selekzioa edo Ipar Irlandakoa. Zorionez, errealitate sozial eta kultural ezberdinak daudela naturaltasunez onartzen duen herrialde batean jardun dezakete".
 

Nazio bat, selekzio bat

Era berean, Aizpuruak adierazi du talde subiranistak elkarrizketarako eta negoziaziorako borondatea duela tramite parlamentarioan legearen gabeziak zuzentzeko, Espainiako Estatuaren nazioaniztasuna jasotzeko eta honakoa ez dadin galdutako aukera bat izan: "Kontuan hartzen badugu kirol-ekitaldiek nazioartean duten garrantzia, lege honek aukera ona izan beharko luke mundu osoari erakusteko Espainiako Estatua, baita kirolean ere, nazioanitza dela. EH Bilduren iritziz, federazio-sarea egituratzen duen arau-esparruak ez du inolako malgutasunik lege honetan, eta ez dio erreparatzen federazio autonomikoen berezitasunari.

Bere diskurtsoan, ezkerreko indar subiranistaren ordezkariak bat egin du euskal gizartearen eta kirolarien gehiengoaren aldarrikapenarekin: euskal selekzio batekin lehiatzeko premia nabarmendu du Aizpuruak. "Legeak ez du kontuan hartzen Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian nagusi den eskaera soziala: selekzio nazionalen aldarrikapena, gure kasuan euskal selekzioarena kirol ezberdinetan. Gizartetik sortutako aldarrikapena da honakoa, eta, herritarrek ez ezik, euskal kirolari gehienek ere babesten dute", nabarmendu du.
 

Birzentralizaziorako joera

Aizpuruak salatu du Espainiako Kirol Legeak, gizartearen aldarrikapen horiei bideak ireki beharrean, ateak are eta gehiago ixten dizkiela eskumenen birzentralizazioaren bidez. "Autonomia erkidegoetako federazioak birzentralizatzea dakar lege honek. Birzentralizatu egiten ditu eta, bai, Iceta jauna, hitzarmen bakarren proposamenean egiten du eta hamaikagarren xedapen gehigarrian, zehazki", kritikatu du diputatu subiranistak.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Kongresuan dituen bost diputatuek babestu egin dute ERCk ostegun honetako osoko bilkuran aurkeztutako osoko zuzenketa. Honela azaldu du Aizpuruak: "Autonomia erkidegoen errealitatea eta gure erakundeei dagozkien eskumenak ahazteko ahaleginen aurrean eta birzentralizaziorako joera jasanezinagatik, ERCk aurkeztu duen osoko zuzenketaren alde bozkatu dugu gaur". EH Bilduk, hori bai, "positibotzat" jo du Espainiako Gobernuak behingoz jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko esparru bat garatzeko asmoa izatea, betiere desgaitasuna eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna kontuan hartuta.