AKTUALITATEA


| 2022-06-07 13:14:00

Euriborraren gorakadak hipoteketan izan dezakeen eraginari buruz galdetuko dio bihar EH Bilduk Nadia Calviñori, Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Ekonomia Gaietarako ministroari. Oskar Matute diputatuak ohartarazi du milioika familiari eragiten eta kezkatzen dien gaia dela, prezioen igoera orokortuaz eta energiaren garestitzeaz gain, orain hipoteken igoerari aurre egin beharko diotelako. "Etxebizitzari lotutako gastu gehigarri baten beldur dira herritarrak, eta Espainiako Gobernuak horri aurrea hartu beharko lioke, hipoteken igoera arintzeko neurriak proposatuz", nabarmendu du Matutek.

Euriborrak hipoteken gorakada meteorikoa eragin zuen azken aldian gertaturikoa gogorarazi du ezkerreko talde subiranistaren bozeramaileordeak, eta ohartarazi etxegabetze kate luzea eragin zuela. Hain justu horregatik, berehala esku hartzeko eskatu dio Matute gobernuari. Ostegunean, gainera, 10 urte beteko dira PPk eta PSOEk bankuak erreskatatu zituztela. "Lapurreta hori ordaintzen jarraitzen dugu, eta onuradun bakarrak bankuak izan ziren eta oraindik ere badira", Matuteren hitzetan. Orain, bankuek inoiz baino irabazi gehiago pilatzen dituzten bitartean, herritarrak beldur dira, hipotekak kontrolik gabe igotzen hasten badira banku entitateek mozkinak handitu ditzaketelako. "Horri aurre egin behar diogula uste dugu, eta horrela eskatuko diogu Calviño presidenteordeari biharko kontrol saioan".