AKTUALITATEA


| 2024-05-22 15:17:00

EH Bilduk asteazken honetako kontrol saiora eraman du Espainiako Estatuko botere eta aparatu guztien erregenerazio osoari ekiteko beharra, agenda sozial sakona martxan jartzeko, lurralde auziari buruzko eztabaida irekitzeko eta nazioaniztasuna aitortzeko. Mertxe Aizpurua bozeramaileak aro historiko berri bat irekitzea galdegin dio Pedro Sanchezi, duela hamarkada batzuetatik zintzilik dauden auziak konpontzeko bidean jartzeko.

Aizpuruari emandako erantzunean, Espainiako Gobernuko presidenteak konpromisoa hartu du Europako hauteskundeen ostean demokrazia biziberritzeko neurriak hartzeko: "Esparru politikoan, judizialean, sozialean eta legegilean erregenerazio demokratikoaren aldeko neurriak lantzen ari gara".

 

Aro sozial berria

Aizpuruak gizartearen gehiengoak eskatzen duen aro sozial eta plurinazional berria irekitzeko eskatu dio, neurri zehatzekin: "Botere Judizialaren erregenerazioari eta eskuinak kendutako askatasunak berreskuratzeari ekin behar diogu, eskubide sozialak, laboralak eta ekonomikoak zabalduz, Segurtasun Indarrak garbituz, hedabideen manipulazioari aurre eginez eta nazioaniztasuna aitortuz". Ordezkari subiranistak ohartarazi duenez, osagai horiek guztiak bete ezean, "Espainiako Estatuak ez du demokratikoki aurrera egingo, eta ez dio modu eraginkorrean ekingo erregenerazio demokratikoari".

EH Bilduren eskaerak aintzat hartzeko prest agertu da Sanchez, eta Europako hauteskundeen ostean hitz egiteko deia luzatu dio Aizpuruari, adostasunetara iristeko borondatearekin. "Erregenerazioarekin dudan konpromisoa adierazten dizut. Arazoei aurre egiten diet eta ez diet ihes egiten, ezta kronifikatzen ere. Zure talde parlamentarioaren proposamenak entzungo ditut", nabarmendu du.