AKTUALITATEA


| 2024-05-16 09:59:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Kongresuan, Eliza Katolikoak bere gain har ditzan Elizaren barruan gertatutako sexu abusuen biktimen erreparazio prozesuetatik eratorritako kalte-ordain eta konpentsazio ekonomiko guztiak. Horretarako, ezkerreko talde subiranistak Espainiako Gobernuari eskatu dio eskura dituen tresna guztiak erabil ditzala premisa hori betearazteko.

Elizak orain arteko jarrera oztopatzaileari eusten badio eta konpentsazio horiek ordaintzeari uko egiten badio, EH Bilduk Espainiako Gobernuari galdegin dio beharrezko zerga aldaketak egin ditzala Elizak zeharka ordaindu ditzan kalte-ordainak eta beste bide batzuen bidez konpentsa dezan administrazio publikoek ordaindutakoa. 

Egitasmo honen bitartez, apirilaren 23an Ministroen Kontseiluan onartutako planaren inguruan biktimen elkarteen artean dagoen kezka eta haserrearekin bat egin du EH Bilduk. Espainiako Gobernuaren proposamenak biktimei kalte-ordainak ordaintzeko eskaera egiten dio Elizari, baina, aldi berean, atea zabalik uzten du konpentsazio horien ordainketa Estatuak bere gain hartzeko Eliza ezezko jarreran tematzen bada; Elizako ordezkariek jada aurreratu dute ez dutela erreparazio prozesuan ekonomiko laguntzeko inolako asmorik.

 

Elizaren erantzukizuna

EH Bilduren arabera, Eliza Katolikoak berak erantzun behar die kalte-ordainei kasu horien gaineko erantzukizun zuzenak asumitzeko, eta kritikatu du administrazio publikoek ezin dituztela beren gain hartu zenbateko horiek. "Biktimen eskaerei erantzun behar zaie, eta, beraz, beharrezkoa da argitzea eta ziurtatzea Estatua eta autonomia erkidegoak ezin direla Elizaren erantzule zibil subsidiario izan. Elizak egin behar die aurre kalte-ordain horiei, ahalmen ekonomiko nahikoa baitu. Horrela, eragindako kaltearen erantzukizuna bere gain hartuko luke eta herritarrek ez lukete Elizaren erantzukizuna haien egin beharko", nabarmendu du Bel Pozuetak, EH Bilduren Nafarroako diputatuak.

Azken hamarkadetan Elizan adingabeen aurka gertatutako sexu abusuak isilarazi, ukatu eta gutxietsi egin direla gogorarazi du Pozuetak. "Biktimen eta elkarteen borroka eta lan nekaezinari esker, gertatutakoaren egia aitortzen hasi da azkenean". Hala ere, Eliza Katolikoak gertatutakoa ukatu eta gutxiesteko ahaleginean tematuta jarraitzen du, laguntzeko inolako asmorik gabe. Jarrera oztopatzaile horren aurrean, EH Bilduren iritziz, premiazkoa da neurri ausartak eta sakonak hartzea.