AKTUALITATEA


| 2024-10-31 08:13:00

‘Independentzia ezkerretik’ koalizioan aurkeztu ziren ERC eta EH Bildu Senatuko 2023ko uztailaren 23ko hauteskundeetara. Legealdi hasierako akordioan, bozeramailetza txandakatzea adostu zuten bi indar politikoek. Kataluniako alderdi errepublikarra arduratu da lehen 13 hilabeteetan bozeramaile lanak egiteaz; hurrengo 13 hilabeteak, beraz, EH Bilduri dagozkio.

Bozeramaile aldaketa bihar, azaroaren 1a, gauzatuko da Senatuan. Erabaki horri esker, Gorka Elejabarrieta arituko da ‘Independentzia ezkerretik’ taldearen bozeramaile gisa, eta orain arte eginkizun horren ardura izan duen Sara Bailac bozeramaileordea izango da. 

Bi bozeramaileek konpromiso irmoa adierazi dute orain arteko jarduera mantentzeko eta elkarlanean lanean jarraitzeko, ordezkatzen dituzten bi nazioetako justizia sozialaren alde, Euskal Herriko eta Kataluniako herritarren interesen defentsan eta herrien autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenean.

Praktikan orain arteko funtzionamenduari eutsiko diote bi alderdiek: nork bere alderdi politikoa ordezkatuko du, eta nork bere indar politikoaren eskaerei ahotsa jarriko die. Hortaz, Sara Bailac ERCren bozeramailea izango da, eta Gorka Elejabarrieta, berriz, EH Bildukoa.