AKTUALITATEA


| 2021-07-21 17:48:00

"Onartutako dekretuak ez du konponduko administrazio publikoan milaka langilek hainbeste urtetan jasan duten behin behinekotasunaren arazo larria. Bere horretan dirau, egoera aldatuko ez duen adabaki bat egiten saiatu diren arren. Dekretuak ez ditu aintzat hartu Europak gaiaren inguruan eginiko jarraibideak". EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpurua irmo mintzatu da gaur, Kongresuan, langile publikoen behin behinekotasuna murriztu asmo zuen dekretuaren eztabaidan. Ezkerreko indar subiranista osatzen duten bost diputatuek dekretuaren aurka bozkatu dute, sektore publikoan "kaleratzeak eta azpikontratazioak egiteko atea irekitzen" duela iritzita.

Hala ere, jakinda dekretu txarra zela eta ez ziela erantzuten kaltetutako kolektiboaren behar eta eskaerei, EH Bilduk erantzukizunez jokatzea hobetsi du, eta dekretua nabarmen hobetuko lukeen "oinarrizko proposamen logiko" bat helarazi dio Espainiako Gobernuari, euskal sindikatuen eta langile publikoko taldeen eskaera nagusiekin. "Gure esku dagoen guztia egin dugu dekretua zuzendu eta hobetzeko, administrazioaren egiturazko behin behinekotasunaren arazoari erantzuteko eta konponbide integral baterako egiturazko neurriak planteatzeko", zehaztu du Aizpuruak.
 

Gobernuari proposatutako konpromisoak


Espainiako Gobernuak, ordea, akordio batera iristeko borondate faltak bultzatuta, uko egin dio dekretuaren gabeziak zuzentzeari, eta EH Bilduko diputatuek tramitazioaren aurka egitea erabaki dute. Hauexek dira EH Bilduk gobernuari helarazi dizkion lau konpromisoak; guztiak euskal gehiengo sindikalak, sozialak eta politikoak partekatzen dituen eskaerak:

  1. Egonkortze-prozesuen lehen fasea ez da kanporatzailea izango, merezimenduen fasera zuzenean sartu ahal izateko bidea zabalduz.
     
  2. Merezimenduen fasera zuzenean sartzea aldi baterako egoeran hiru urte baino gehiago daramatenak eta aldez aurretik aurretik hautaketa-prozesu bat gainditu dutenak.
     
  3. 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorren bidez berritze-tasa etetea, gutxienez %8ko behin-behinekotasunera iritsi arte; gaur egun %40tik gorakoa da.
     
  4. Nafarroak funtzio publikoaren arloan dituen eskumen guztiak gauzatu ahal izateko eskumen propioak errespetatzea. Erakundeen eskumenak ez urratzea, autonomia-erkidegoek eta haien administrazio publikoek aldi baterakotasun-egoeraren arabera beren finkatze-prozesuak definitzeko gaitasuna izan dezaten Madrilen esku hartzerik gabe.
     

"Horrela ez dira adostasunak lantzen"

Dekretua euskal erakundeen errealitate eta premiak kontuan hartu gabe onartu izana leporatu dio Aizpuruak gobernuari, euskal gehiengo sindikalarekin adostu gabe, langileen aldarrikapena aintzat hartu gabe eta Kongresuko indar aurrerakoiekin hitz egin gabe bidea egitea erabaki baitu oraingoan. "Zuek dekretu bat taxutu zenuten inolako elkarrizketarik abiatu gabe, inoren iritzia entzun gabe onartu zenuten, eta hona ekarri duzue, indar aurrerakoiek irentsi eta baiezko botoa emango genuelakoan. Bada, ez. Horrela ez dira gauzak egiten, horrela ez dira adostasunak lantzen, hau ez da politika egiteko modua. Gaur, berriro ere, kaltetuenak sektore publikoko langileak dira", salatu du.

Hego Euskal Herrian, orotara, sektore publikoko 70.000 langile baino gehiago daude aldi baterako kontratazioaren prekarietatea pairatzen dutenak, batez ere osasun eta hezkuntza sektoreetan. Behin-behinekotasuna %40tik gorakoa da gaur-gaurkoz. EH Bilduren aburuz, gaur onartutako dekretuak ez du lortuko zifra onartezin horiei aurre egitea. Kontrakoa: "Kaleratze eta azpikontratazioei ateak irekitzen dizkie, birjarpen-tasen bidez administrazioaren eta bere zerbitzuen funtzionamendu egokirako behar diren langileak izatea eragozten du eta prekarizazioa betikotzen du, besteak beste". Izan ere, behin-behinekotasuna eteteko aukera alde batera utzita, EH Bilduk argi dauka Espainiako Gobernuaren dekretuak "ziurgabetasuna" areagotuko diela egoera horretan dauden milaka pertsonei.

 

Elkarrizketarako borondate falta

EH Bilduko bozeramailea bereziki haserre eta kritiko agertu da Madrilek euskal sindikatuekin eta ezkerreko indar politikoekin erakutsi duen elkarrizketa faltagatik, eta honakoa ohartarazi dio Funtzio Publikoko ministroari: "Gogorra izan naiz, bai, gutxiengoan gobernatzea zer den ulertzea eta horren arabera jokatzea gustatuko litzaigukeelako. Zuek zarete taldeen babesa lortu behar duzuenak, ez alderantziz. Ez espero doako babesik ematea. Horrela ez da gobernatzen, ez da aurrera egiten, ezta gehiengo aurrerakoia finkatzen ere".

"Zuentzat elkarrizketa soziala deiturikoak ez du euskal gehiengo sozial eta sindikala ordezkatzen, eta, horren ondorioz, ez dio gure errealitate berezituari erantzuten. Inola ere. Euskal gehiengo sindikalak hasiera-hasieratik azalerazi zituen gaur onartutako dekretuaren gabeziak, eta zuzentzeko proposamenak ere egin zituen. Zuek ez zenituzten aintzat hartu, eta ez zineten negoziatzeko eseri ere egin", gogorarazi du Aizpuruak. EH Bilduko ordezkariak bihartik aurrera lanean hasteko eskatu dio Maria Jesus Montero ministroari, langileen eskaerei erantzungo dien dekretu on bat osatzeko Kongresuko tramitazioan. "Ez dezagun galdu beste aukera bat", esanez amaitu du hitzartzea.