AKTUALITATEA


| 2019-06-21 11:00:00

Euskal erakundeen burujabetza handitu eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko asmoz, legegintzaldiko lehentasun sozialak ezarri ditu EH Bilduk Kongresuan aurkeztu dituen lehen legez besteko proposamenetan. Gaur erregistratutako aurreneko egitasmoaren bitartez, 1.080 €-ko gutxieneko pentsioak bermatzea eta pentsiodunen aldarrikapenei bide ematea nahi du EH Bilduk. Gizarte Segurantzaren transferentziaren eskutik, pobreziaren muga baino txikiagoa den pentsiorik ez onartzeko konpromisoa hartu du koalizio abertzaleak, Europako Eskubide Sozialen Gutunari jarraiki.

Beste lehentasunetako bat, Hego Euskal Herrian, 1.200 euroko gutxieneko soldata –urtean 14 ordainsarirekin- indarrean sartzea da. Neurri horri esker, gutxieneko soldata tokian-tokiko errealitate sozioekonomikora, bizi-mailara eta eredu produktibora egokitzea nahi du indar subiranistak, sindikatu eta eragileen eskariei bide emanda. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen du 2010eko (PSOE) eta 2012ko (PP) lan erreformak bertan behera uztea, lan harremanak eta negoziazio kolektiboa lehenetsiko dituen eredu propio bat abian jartzeko. “Prekaritateari aurre egitea, lan baldintzak hobetzea eta bizi proiektu duin eta egonkorrak garatzea lagun dezake soldatak igotzea”, adierazi du Mertxe Aizpurua diputatuak.

Horrez gain, 2012. urtean onartutako Aurrekontu Egonkortasun Legea indargabetzea exijitzeko, legez besteko proposamena aurkeztu du EH Bilduk, tokiko erakundeentzat “itogarria” dela iritzita. “Izaera birzentralizatzea du, herritarren zerbitzura dauden erakundeen funtzionamendua mugatu eta baldintzatzen duelako bete-betean”, nabarmendu du EH Bilduko ordezkariak, eta gaineratu: “Lege honek zuzenean kolpatzen ditu tokiko erakundeen eskumenak eta udalen autonomia txikitzen du. Beren burua kudeatzeko gaitasun nahikoa dute udalek. Ez dira heldugabeak, ez dute inoren tutelarik behar superabita zertara bideratu erabakitzeko”.

Gaur-gaurkoz eskualdatzeko falta diren Gernikako Estatutuko 36 eskumenen eta Nafarroako Foru Hobekuntzako 25 eskumenen transferentzia lehenbailehen egitea ere nahitaezkoa da EH Bildurentzat. Transferentziak sei hilabeteko epean gauzatzeko egutegi bat adostu zuten Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, baina garaiz betetzeko borondaterik ez dutela ikusita, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Espainiako Gobernuari eskatuz bizkortu dezala prozedura y sar ditzala egutegi horretan Gizarte Segurantzari eta Espetxeen kudeaketari dagozkion eskumenak, duela 40 urte hitzartutakoa irmo betez. Azken lau hamarkadotako menpekotasun egoera albo batera utzi eta berdinetik berdinerako harremana eraikitzeko garaia dela uste du EH Bilduk.