Amiantoaren biktimentzako kalte-ordainen funtsa «lehenesteko» konpromisoa hartu du Espainiako Gobernuak EH Bildurekin. «Nire konpromisoa, Matute jauna, lege hau lehenestekoa da ahalik eta azkarren argitaratu eta indarrean sar dadin». Hala mintzatu da Gizarte Segurantzako ministro Elma Saiz gaur Kongresuko kontrol saioan, EH Bilduren bozeramaileorde Oskar Matutek egindako galderari erantzunez. EH Bilduk bizkortasuna exijitu dio funtsaren araudia lehenbailehen garatu dezaten biktimei dagozkien kalte-ordainak ordaindu ahal izateko.
Matutek gogorarazi du kolektibo honen lan eta borroka nekaezinari esker Kongresuak, Eusko Legebiltzarraren ekimenez, aho batez onartu zuela 2022an konpentsazio funts bat sortzeko proposamena. EH Bilduk, gainera, 25 milioi euro hitzartu zituen 2022ko aurrekontuen negoziazioan, erakundeek hamarkadetan ahaztutako kolektibo baten aldarrikapen eta zor historiko bati erantzuteko eta funtsaren sorrera azkartzeko. Hala eta guztiz ere, urte t'erdiren ostean, gobernuak oraindik ez du funtsari lotutako araudia garatu. Saiz ministroak argudiatu du atzerapena «araudi berriaren edukiaren konplexutasunagatik» gertatu dela. Azaldu duenez, Gizarte Segurantzako teknikariak lanean ari dira araudiaren testua lehenbailehen ixteko eta Estatu Kontseiluari dagokion txostena eskatzeko: «Azken txanpan gaude eta lehenbailehen iritsiko gara».
Zor historikoa kitatzeko ordua
Biktimek eta sindikatuek eginiko ekarpenak aintzat hartzeko eskatu du EH Bilduren ordezkariak, kalte-ordainak handiagoak eta beste kolektibo batzuen parekoak izan daitezen zergarik ez ordaintzeko. «Haien eskaerak ezin dira ezerezean geratu. Diru gehiago behar dute. Bada garaia erakundeek amiantoaren biktimekin duten zor historikoa kitatzeko. Ezin dugu gehiago itxaron kalte-ordainen funtsa errealitate bihur dadin», adierazi du Matutek, gogoraraziz Frantziak azken 20 urteotan 6.000 milioi euro bideratu dituela amiantoaren biktimei kalte-ordainak emateko.
Bere hitzartzean, Gizarte Segurantzako ministroak ziurtatu du Espainiako Gobernua «oso sentibera» dela amiantoaren ondorioz kalteak jasan dituzten langileen aldarrikapenekin, eta «babes neurri eskasei eta osasunaren zaintza zorrotz faltari» egotzi die egoera. «Gardentasunez jokatzen ari gara, elkarteen eskaerak entzuten eta autonomia erkidegoekin elkarlanean ematen ari garen pauso guztien berri ematen», amaitu du.