Gaur uztailak 17, osoko bilkura izan dugu honako gai-ordenarekin:
1 Aurreko akta irakurri eta ontzat emotea.
2 “Elexalde Kalean eta Basauntz auzoan motordun ibilgailuek eta oinezkoek bidea partekatzeko egokitzapen lanak1. Fasea” izeneko obraren adjudikazio prozedura bertan behera uztea.
3 Udal bulego eta lokalen garbiketa: udala, Epa-ko gelak, komun publikoak eta ensaio lokalak eta udaleko aldagelen biltegia kontratuaren luzapena.
4 2019ko aurrekontuko 6.kreditu-aldaketa, kredituen gehigarrien eta konpromiso-kredituen bitartez.
5 %0,25eko eta %0,3eko soldata-masaren igoera.
6 Alkatetzaren Dekretuen barri eman.
7 Eskaerak eta galderak.
Hau da gaurko gai-ordeneko 2. Eta 4. Puntuetako gure irakurketa politikoa:
-Auzotarrekin hitz egin ostean, Elexalde kaleko eta Basauntz auzoko oinezbidearen lizitazioa bertan behera uztea erabaki dugu. Hala ere, proiektua berraztertu eta auzotarrak gehiago aseko dituen proiektua ahalik eta lasterren burutzeko konpromisoa hartzen dugu. Erabakia, aho batez onartu da.
-Urteak daramatza EHBilduk Igorreko gazteek behar duten espazio propioa sortu nahian. Lehenengo asmoa, Jubilatuen taberna eta Correos artean dagoen lokalean eraikitzea zen arren, Lehendakari Agirreko zubi ondoko lokalaren aukera sortu zen. Lokal honek aukera gehiago ematen ditu (askoz metro gehiago izanik, gaztelekuaz gain, erabilera anitzeko gelak eraiki daitezkeelako adibidez) eta gure iritzian debaluatuta dagoen espazio bat txukuntzeko ere balioko du.
Hori dela eta, espazioaren harira, urtebetetik gorako lanketan gaude murgilduta. Alde batetik, teknikoki kontutan hartu beharrekoak (espazioaren metroak, inundabilidadea, irisgarritasuna…) egiaztatzen eta beste batetik, espazioaren erabiltzaile izango direnekin (12-16 urte bitarteko gazteekin) eta udaletxeko teknikari eta zinegotziekin proiektuak aseko dituen beharrizanak partehartze prozesu batekin adosten. Aipatuko kontu teknikoen txostena bukatzear dago eta partehartze prozesuarena eginda. Txosten guzti hauek, iraileko batzordeetan landuko dira.
Gaurko gai-ordeneko 4. Puntua, urrian 300.000€-ko mailegua eskatzeko eta lokala erosteko beharrezko aurretiko pausua besterik ez da. Txosten teknikoak kontrakotasunik adieraziko balu, maileguaren eskaera eta lokalaren erosketa ez ziren burutuko (nahiz eta gaurko egunez eta momentuz landutakotik kontrakotasunik ez egon) eta gaurko kreditu aldaketa inongo eraginik gabe bertan behera utzi daiteke.
Ondorioz, pasa den asteko ogasun batzordean EAJ-PNVk agertu zituen duda guztiak iraileko batzordeetan (mailegua eta erosketa gauzatu baino lehenago) aurkeztuko diren txostenetan erantzungo ditugula esan arren ere, gaurko bozkaketan EAJ-PNVk KONTRA bozkatzea PROIEKTUAREN KONTRA egotea dela uste dugu. Erabakia, EHBilduren aldeko 6 boturekin eta EAJ-PNVren kontrako 5 boturekin onartu da. Proiektuak herriari egingo dion ekarpenarekin erabat ziur gaudenez, atea zabalik uzten dugu EAJ-PNVk hemendik aurrera proiektuarekin bat egin dezan.