AKTUALITATEA


| 2020-06-02 21:00:00
Joan den astelehenean, telematikoki egiten ari ginen bileran adostasuna ezinezkoa izango zela ikusi ondoren, alkateak eskatu zion EAJ-PNVko udal taldeari Igorreko merkataritzari, ostalaritzari, autonomoei eta enpresa txikiei laguntzeko diru-laguntzen deialdirako oinarriak prestatzeko proposamenak udalean erregistratzeko. Astearte horretan bertan sinatu zezakeen alkateak dekretua (alderdien arteko adostasunarekin edo adostasunik gabe), baina berari egotzitako beste gai batzuekin egiten duen bezala, osoko bilkurara eramaten ditu alderdien arteko eztabaida bultzatzeko, eta horrela, ekainaren 1erako ezohiko osoko bilkurarako deialdia egin zuen (diru-laguntzaren deialdia ezin zela denboran gehiago atzeratu ulertuta). Egoera berri horretan, alkateak eskatu bezala, ostegunean neurri ezberdinak jasotzen zituen atxikita dagoen dokumentua erregistratu zuen EAJ-PNVk . Bertan, astelehenean bozkatu beharreko diru-laguntzaren aipamen bakarra 200.000 eurokoa izan behar zela zen eta horrek EHBilduk proposatutakoarekin bat egiten zuen. Gainerako proposamenei dagokienez, jakin bazekiten EAJ-PNVko zinegotziek udala proposamen batzuen inguruko lanketa Errotarekin, merkatarien ordezkariekin eta udal-teknikariekin egiten zebilela , eta beste proposamen batzuk Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Arratiako Mankomunitatearen (gaur egun EAJren esku daude) eskumenekoak direla. Orduan, oinarriei dagokienez, EAJren aldetik proposamen bakarra jaso zen eta EHBilduk egindako proposamenaren berdina zenez, ez ziren diru-laguntza deialdi honetarako oinarriak aldatu. Astelehen honetan, osoko bilkura hasi eta diru-laguntzaren puntura iritsi ondoren, EAJko bozeramaileak agiri bat irakurri zuen. Bertan, aurreko ostegunean erregistratu zituzten proposamenak eta bozkatuko ziren oinarrien inguruko proposamen berri batzuk biltzen ziren. Eztabaida baten ondoren, bozketara pasa zen diru-laguntza deialdiaren oinarriak onartzeko eta oinarri bakarra zegoenez (EHBilduren proposamena), hori bakarrik bozkatu ahal izan zen. Zinegotzi bezala egindako urteen ondoren, soberan dakite EAJ-PNVko ordezkariek, mozio, pliego edo dirulaguntza oinarriren bat bozkatzeko aurkeztuta egon behar dutela eta hori ez zuten ez lehenago, ez bitartean, ez geroago egin. Horregatik, alkatearen argudio teknikoaren ordez, EAJren akats teknikoaz hitz egin dezakegu. Amaitzeko, eskua luzatu nahi diogu berriro EAJ-PNVri , Igorre hobe baten alde lan egiteko eta ez euren sare sozialetan argitaratzeko gezurretan eta egia erdietan oinarritutako politikak egiteko. Herritarrek jakin dezaten, joan den ostegunean udalean erregistratu zuten proposamena erantsi dugu. Bertan, atzo onartutako oinarriei buruz udalak jasotako idatzizko proposamen bakarra ikus daiteke: "Zuzeneko diru-laguntzen lokalen itxieren eta fakturazio-murrizketen eraginpean daudenentzat, %60 baino gehiago. 200.000 €".