2019ko ekainean Hernaniko Udala gobernatzeko ardura hartu genuen EH Bilduko taldekideok ibilbide gorabeheratsua bezain emankorra izan dugu. Legealdi zaila izan da, tartean inork espero ez zuen pandemia bat bizi eta horren ondorioak kudeatzea egokitu zaigulako.
Egoeraren larritasuna eta uneoro aldatzen ziren neurrien anabasaren artean igeri, ahal zen modurik onenean aurre egin genion gure bizimodua eta planak hankaz gora jarri zituen pandemiari.
Covid-19ak marka utzi du gure legealdian, zalantzarik gabe. Gobernu planean aurreikusitako hainbat ekintza, obra eta inbertsio albo batera utzi eta pandemiak eragindako behar eta egoera larriei aurre egitea izan zen gure jardunaren lehentasuna.
Pandemia ez ezik, mundu mailako gatazkek eragindako ondorioek ere nabarmen baldintzatu dute legealdia. Energiaren prezioaren etengabeko igoerak, elikagaiak eta obrarako materialen garestitzeak EH Bilduko gobernuak eskuartean geneuzkan plan asko eta asko moteldu ditu. Obren lizitazio asko hutsik geratu dira, materialen eta garraioaren prezioen igoera neurrigabea dela medio, eraikuntza enpresak lehiaketa publikoetara aurkezteko beldur zirelako. Beste erakunde askotan bezala, Hernanin ere pairatu dugun fenomenoa da.
Pandemiaren arrasto bortitza apurka-apurka atzean utzi dugunean berreskuratzen hasi gara legealdi hasierako planak eta konpromisoak. Egoera ezegonkor eta zailtasun horiei guztiei, baina, aurre egin diegu, justizia sozialean, parekidetasunean eta jasangarritasunean oinarritutako politika publiko indartsuak abian jarrita.
Gobernatzeko modu eraldatzaile bat abiatu dugu
Gobernantza ereduan ere aurrerapauso handiak egin ditugu: erakunde publikoek bereganatu ohi dituzten erabakiguneak zabaltzeko pausoak eman ditugu, eta, gai desberdinen bueltan antolatutako herritarrekin lankidetzan, plan estrategiko bat osatu dugu etorkizunean irudikatzen dugun Hernani hori lortzeko: bertako ekonomian eta bertako garapen sozial eta kulturalean oinarritutako Hernani bat. Hernani eredu bihurtu da eragileekin batera elkarlanean aritzeko moduagatik. Inpaktu ekonomiko eta sozialeko erabaki estrategikoak hartu dira. Besteak beste, miloi bat euro bideratuko dira tokiko merkataritzara, beste miloi bat eguzki plakak jartzeko lotuak daude edo lehen aldiz elikadura plan estrategikoa sortu da.
Zaintzaren eta adinekoen aldeko apustua
Zaintza ere izan da, bai pandemian, bai egungo egoeran, lehentasunezko kezka bat: adinekoen eta horien familien ongizatea bermatzeko etxez etxeko zerbitzuan 4.000 ordu gehiago eskaini dira, langileen baldintzak hobetu dira (urtean 260000€ gehiago bideratu ditu Udalak zerbitzu horretara). Bakardade ez hautatuan dauden adinekoei zuzenduta, auzozaintza programa ere sortu eta martxan jarri dugu. Horretan ere zaintzara dedikatzen diren langileen baldintzak hobetzeko neurriak hartu dira. Programa erreferente bihurtu da. Horrekin batera, adinekoentzako bereziki sortutako saila daukagu egun.
Kultura eta euskara
Kultura eta euskarari dagokionez, kultur eskaintza indartu da eta kultur ekipamenduak berritu dira eta berritzen ari dira: Biteri kultur etxearen birgaitzea oraintxe amaitzen ari da, Atsegindegi plaza berritu da, Sandiusterri dantza eta musikarako gune izateko lanak martxan daude, eta udaletxeko areto nagusian berreskuratze artistiko garrantzitsu bat egiten ari da. Euskararen arloan, aipagarria da UEMAn sartu izana. Lorpen hori Hernanin eragile ugariek hamarkadetan egindako euskalduntzearen aldeko politiken emaitza da.
Jasangarritasuna
Hernani Euskal Herriko lehen herria izan da Europako Zero Waste ziurtagiria lortzen. Urteetan hondakin gutxiago sortu eta sortutakoak ahal den gehien birziklatzeko martxan jarritako politiken errokonozimendu garbia izan da.
Zerbitzu publikoak indartu eta berriak sortu ditugu
Argi dugu zerbitzu publiko indartsuek herritarron bizitzak hobe ditzakeela eta horregatik inoizko inbertsio publiko handiena egin da udal zerbitzuak indartzera:
- Kulturarteko Plaza Feminista ireki da legegintzaldi honetan. Herri eragile feminista eta antiarrazistekin batera sortutako proiektua, indarkeria matxistari eta arrazistari aurre egiteko erreferentea den zerbitzu publikoa.
-Etxebizitza saila eta Adinekoen atal berezia ere sortu ditugu.
-Zerbitzu Sozialetako gizarte langileak indartu ditugu behar gehien dutenei arreta hobea eman ahal izateko eta ikastetxeekin elkarlanean aritzeko adingabekoen prebentzio goiztiar zerbitzua abiatu dugu.
-Hernanin dituen azpiegitura eta hirigintza behar eta erronkei aurre egiteko, Zerbitzu Publikoak eta Hirigintza sailak indartu ditugu. Modu honetan legegintzaldian zehar sortu diren arazoei irtenbidea eman eta etorkizuneko erronkei heltzeko prestatu ditugu sail hauek.
Bukatzear den legegintzaldi hau estrategikoa izan da eta hartu diren neurriek horri erantzun diote. Gertutasuna, zintzotasuna eta justizia soziala izan dira gure egiteko moduak. Udala indartu dugu, zerbitzuak hobetu ditugu eta prest gaude aurrera begirako erronka potoloei behar den moduan aurre egiteko. Hori guztia helburu nagusi batekin: kolektibo guztiek -haurrek, gazteek, adinekoek, jatorri desberdineko pertsonek- beren bizitza modu duinean garatzeko Hernani bat lortzeko.