AKTUALITATEA


| 2025-04-02 09:57:00

Hernaniko Udalak eta Enherkom energia kooperatibak udal eraikinen estalkietan eguzki plakak jartzeko eta kudeatzeko egin berri duten hitzarmena berri ezin hobea iruditzen zaigu, arrazoi bat baino gehiagorengatik:

  1. Energia berriztagarrien bidezko sorkuntza eta hornidura handitzeko pauso eraginkorra da. Hernaniko Udalak bere kontsumo elektriko osoaren erdia baino gehiago ase ahal izango du 14 teilatutan jarriko diren eguzki plaken bidez, eta, beraz, horrek aukera emango du gaur egun, edo kanpotik ekartzen den zati berriztagarria, edo are eta hobeto, erregai fosilen edo nuklearren bidez sortzen den kanpoko energia, ordezkatzeko. Energia trantsiziorako ezinbesteko urratsa da.

  2. Elkarlan publiko-komunitarioaren bidez sortzen den eredu hau guztiz onuragarria iruditzen zaigu: Udalak bere autokontsumorako ez ezik, herritarren kontsumorako ere bideratuko baita udal instalazio horietako plaka fotovoltaikoetan sortuko den energia elektrikoa. Enherkomen bidez, gainera, behar handiena duten herritarrei zabaltzeko modua ere izango da, eta, beraz, justizia soziala egiteko modu bat ere bada Hernanin inplementatzen ari den eredu hau.

  3. Mugarri bat da. Ez bada lehena, bada halako eredu bat martxan jarriko den lehenetariko bat. Udalaren instalazioak eta baliabideak denon onurarako erabiltzea, eta kudeaketa hori, gainera, sarritan energia alorreko multinazional baten esku geratu ohi dena, irabazi asmorik gabeko herriko kooperatiba baten esku geratuko da. Gauzak egiteko modu eredugarria iruditzen zaigu. Eta Hernanirako ez ezik, beste herrietarako ere eredugarria izan daitekeelakoan gaude.

  4. Energia burujabetza lortzeko urrats garrantzitsua iruditzen zaigu. Kanpoko energia iturrien menpekotasuna gutxitzen lagunduko dio Hernaniko herriari, eta hori ere guztiz beharrezkoa da, herri mailan eta baita Euskal Herri mailan ere, Euskal Herria kanpoko energiaren guztiz mendekoa baita oraingoz.

Azkenik, zoriondu egin nahi ditugu akordio hau posible egiteko lana egin duten eragile edo norbanako guztiak: Enherkom kooperatiba, Goiener, udal langileak eta udal gobernua. Azpimarratzeko modukoa iruditzen zaigu, gainera, EH Bildu ez ezik, EAJk eta Elkarrekin Podemosek ere akordioa babestu izana. Lan asko falta da egiteko, baina oinarri ezin hobearekin hasi dugu bidea. Jarrai dezagun horretan.