AKTUALITATEA


| 2024-10-18 14:15:00

Joan den urteko udal hauteskundeetara mandatu argi batekin aurkeztu zuen bere burua Euskal Herria Bilduk Gasteizen: geure herritarrak hobeto bizitzea ahalbidetuko zuten proiektu eta politika publikoak martxan jartzea. Agindu hori bazen, noski, udal gobernua eskuratuz gero gauzatu beharrekoa. PSEk eta EAJk erabaki zuten, PPrekin elkar hartuta, Alkatetza ukatzea EH Bilduri, indar bozkatuena izanagatik. Baina herritar mandatu hori, herritarrekin hartutako konpromisoa, ez du aldatzen horrek. Gasteizko indar politiko nagusia gara, eta horrek exijitzen digun ardura guztia gure gain hartzen dugu. EH Bilduk beti bilatuko ditu instituzioak, kasu honetan udala bera, herritarren zerbitzura jartzeko moduak, posizio eta proposamen eraikitzaileak plazaratuz, eta ekinbideen azterketa zorrotzak eginez.

Udal politikari dagokion garrantzi osoa aitortzea dagokigu. Herritarrei euren nahiak, asmoak eta ametsak betetzen lagun diezaieketen politika eta ekintzen sortzaile eta bultzatzaile izango diren herri administrazioetan sinesten dugu. Aurrez aurre ditugun erronkak ez dira nolanahikoak. Erronka demografikoa eta zaintzak edo trantsizio ekosoziala eskala handiko desafioak dira, baina tokian tokiko dimentsio ukaezina dute. Udalek, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak izanik, zeregin eta zeresan funtsezkoa izan behar dute erronka horien aurrean. Guri dagokigu anbizioz jokatzea, definitzea eta gauzatzea geure hiri eta herrien eraldatzea eta modernizazio sozioekonomikoa, ingurumen alorrekoa edo babes sozialeko sistemak eguneratzea. Hau da, geure herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea handitzea.

Politika publiko indartsu eta sendoak gauzatzeko, ezinbestekoa da udal erakundeek finantzaketa maila egokia izatea. Azken finean, horixe da udalen funtzionamendurako mamia: baliabide ekonomikoak eskuratu, ondoren herritarrei bueltatzeko politika eta proiektu zehatzak gauzatuz. Horixe izan da EH Bilduk Gasteizen orain bukatu den politika fiskalari buruzko eztabaidan hartu duen jarrera eta abiapuntua, bi helburu argi jarrita:

  • Bitarteko ekonomiko egokiak lortzea, besteak beste, arreta eta babes soziala indartzeko, enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko, trantsizio ekosoziala eta mugikortasun jasangarria indartzeko. Gaitasun ekonomiko nahikoa, hiri bezala ditugun erronkei heldu eta udal erantzun irmoa emateko.
  • Fiskalitate bidezko eta progresibo batean sakontzea, gehien dutenek gehien ordainduz, eta zerga, tasa eta prezio publiko ezberdinek pertsonen, bereziki egoera zaurgarrienak dituztenen, bizimoduak arintzeko neurri eta kenkariak jasota.

Negoziazio prozesu baten ondoren, akordioa lortu du EH Bildu Gasteizek PSE-EErekin eta EAJrekin fiskalitatea arautzen duten Ordenantza Fiskalak aurrera ateratzeko. Proposamen argi batean oinarrituta, esan genezake eztabaidaren hasieran ezarri genituen bi helburuetan aurrera egin dugula. Gehien dutenek, bereziki enpresa handiek, gehiago aurrekontuari ekaroen handiagoa egin diezaioten akordioa adostu dugu. Aldi berean, zerga eta tasa ezberdinetan, bereziki zabor tasan baina baita Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, progresibitate gehiago eta kenkari hobeak lortu ditugu. Bukatzeko, PSEk eta EAJk eskatu zuten igoera orokor gehiegizkoa mugatu dugu.

Akordioari esker, diru baliabide handiagoak izango ditu Gasteizko Udalak heldu den urterako. Orain, baliabide horiek politika zehatzetan islatu beharko ditugu, aurrekontuen bidez. Ez gara hutsetatik abiatuko, ordea. 2024. urterako aurrekontuetara begira akordioa lortu eta 6 milioi euroren zuzenketak txertatu zituen EH Bilduk. Proiektu eta politika berritzaile batzuk martxan jarri ditugu honezkero: laguntza programak hutsik dauden saltokiak dinamizatzeko, energia komunitateak martxan jartzeko euskal udalerri batek duen programarik handiena, enplegua sustatzeko neurriak abiatu ditugu, Gasteiz Euskararen Hiri gisa bultzatu dugu... eta gehiago etorriko dira: akordioa osorik bete dadin lanean jarraitzen dugu, eta laster aurkeztuko ditugu ekimen gehiago etxebizitza alorrean, adineko pertsonen zaintzan, edota ingurumenaren babesan, besteak beste. Egunero lanean jarraitzen dugu herritarrekin hasieratik hartu genuen konpromisoa bete dadin, eta Ordenantza Fiskalen akordioa beste urrats bat da norabide argi horretan.