AKTUALITATEA


| 2026-11-17 14:29:00

Oihana Etxebarrietak eta Olaia Duartek azpimarratu dute EH Bildu indartsuagoa den heinean, bloke erreakzionarioa ahulagoa dela, eta azaroaren 29an itxaropenez eta ilusioz betetzeko hautestontziak deitu dute.

EH Bilduk Gipuzkoako ekitaldi politikoa egin zuen atzo arratsaldean Beasainen, azaroaren 29ko hauteskundeetarako azken txanpan. Oihana Etxebarrieta eta Olaia Duarte izan ziren ekitaldiko hizlariak, eta biak bat etorri ziren EH Bilduren indarra handitzearen garrantzia azpimarratzean, bai bloke erreakzionarioari aurre egiteko, bai euskal herritarren eskubideak defendatzen jarraitzeko.

Oihana Etxebarrietak Feijok Euskal Herrira egindako bisita izan zuen hizpide, eta adierazi zuen agerian utzi duela eskuin erreakzionarioaren proiektuaren ahulezia. «Bere proiektu bakarra gure nazio izaera ukatzea, tristura, motozerra, iraina eta gezurra dira. Horregatik da gutxiengoa herri honetan bloke erreakzionarioa», adierazi du.

Etxebarrietaren hitzetan, azaroaren 29tik aurrera are gutxiago izango dira bloke horren alde egiten dutenak. «Boto masiboarekin eta irribarre handi batekin irabaziko diegu. EH Bildu zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta ahulagoa izango baita bloke erreakzionarioa», gaineratu du.

Horregatik, itxaropenez eta ilusioz betetzeko hautestontziak eskatu du, larunbatean Bilboko kaleak bete zituzten bezala, herriaren eta bertako herritarren duintasuna agerian uzteko. «Posible da, eta posible egingo dugu», esan du.

Bestalde, Olaia Duartek EH Bilduren hautagaitzaren anbizioa eta proposamenak nabarmendu zituen. «EH Bildu bozkatzeak ez konformatzea esan nahi du. Inkonformistak gara, gehiago egiteko eta urrutirago joateko anbizioa dugu», azaldu du. Ildo horretan, jakinarazi du koalizioak 200 proposamen baino gehiago eramango dituela Madrilera, tartean etxebizitza eskubidea bermatzera bideratutako neurriak.

Duartek azpimarratu zuen etxebizitza eskubidea bermatzea ere badela bloke erreakzionarioari aurre egiteko modu bat, herritar guztientzat bizitza duinak posible egiteko ezinbesteko baldintza baita. Hain zuzen ere, atzo bertan ezagutarazi zen datu bat ekarri du gogora: historian lehen aldiz, Gipuzkoako etxebizitzen metro koadroaren prezioak 4.000 euroko langa gainditu dituela.

«EH Bildu bozkatzeak balio bikoitza du: etxebizitza eskubidea defendatuko dugu eta, aldi berean, bloke erreakzionarioa ordezkaritzarik gabe uzteko lan egingo dugu. Horretarako bermea ere bagara, eta zuetako bakoitzaren botoarekin posible egingo dugu», adierazi zuen.

Azkenik, EH Bilduk herritarrak mobilizatzera eta azaroaren 29an hautestontziak betetzera deitu ditu, etxebizitza eskubidea, euskal herritarren askatasunak eta herriaren duintasuna defendatzen jarraitzeko.