AKTUALITATEA


| 2024-04-11 13:01:00

Unai Larreategi Soraluzeko alkateak eta Itziar Murua EAEko hausteskundeetarako Gipuzkoako hautagaiak Debabarrenaren biziberritza izan dute mintzagai gaur Maltzagan egindako agerraldian. Izan ere, Debabarrena eskualdea, historikoki, bere izaera industrialaren eraginez, ongizate sozioekonomiko handiko eremua izan da. Azken hamarkadetan ordea, ongizate-maila jaisten doa eskualdean. Eskualdearen egitura ekonomikoak, industrian du oraindik bere indargunea, izan ere BPGaren erdia baino gehiago eta ehundaka lanpostu makina-herramientan eta automozioan dute oinarri. Aldiz, 2020-2023 urte bitartean %22ko enpresa-galera izan da, ehun enpresatik gora itxi edota beste lurralde batzuetara mugitu dira.

 

“Bilakaera eta datu kezkagarri horiek, azken hamarkadetan garatu diren politiken ondorio dira. Lurralde orekan sakontzea da giltzarri eta ildo horretan, industriaren joerekin bat egiteko politika aktiboak behar ditugu, baita teknologia berrietara egokitzeko ekonomia jarduera berriak sortu eta Industria 5.0rako trantsizioa egitea ezinbestekoa da”, azaldu du Larreatik.

 

Mugikortasuna ere bada herritarren kezka iturri, izan ere. “Garraio publikoan hobekuntza nabariak egiteko moduan gaude Debabarrenetik, bai eskualde barruko zein kanporako zerbitzuari dagokionez. Honekin, jauzi kualitatibo bat emango genuke ingurumenean zein gizarte kohesioan”, gaineratu du Soraluzeko alkateak.

 

Horregatik, egoera iraultzeko unea iritsi delakoan dago: “Debabarrena biziberritzeko ponentzia martxan jartzea lortu genuen Gasteizko Legebiltzarrean, eskualdean indartsu daukagu oraindik industria, goi-mailako zentro teknologiko eta ikaskuntza zentroak dauzkagu… aukerak errealitate bihurtzeko ordea, herri honek aldaketa behar du, lurralde orekan ardatz izango duen aldaketa”.

 

Muruak, berriz, EH Bilduren industria politika proposamenen laburpena egin du: “Industria politika ekintzailea behar dugu, lidergo publikotik euskal industria-eredu iraunkor, sozial eta aurreratura eraikiko duena. Ildo horretan, Berrikuntza eta teknologiaren aldeko apustu irmoa da gurea, eta ildo horretan gizarte-eragileen, eragile ekonomikoen, politikoen, hezkuntza-eragileen eta abarren arteko herrialde-akordioa lideratuko dugu EH Bildutik, Gipuzkoan 2027rako BPGaren %3,2a I+G+B politiketan inbertitu dadin, Europako eskualde aurreratuenen pare jarriko gaituena.

 

Halaber, 5.0 industriari lotutako teknologiak enpresetan txertatzeko jauzia egitea eta produktibitatea hobetzea ere beharrezkotzat jotzen ditu EH Bilduk: “Etorkizuneko teknologia-sektorearen oinarriak finkatuko dituzten azpiegiturak eraikitzea funtsezkoa da eta helburu horrekin, Industria 5.0 bultzatzeko formazio, demostrazio eta zerbitzu zentroa sortzeko lanean jardungo dugu. Eta Inbertsio Estrategikorako Funts Subiranoa sortuko dugu, orain arte mobilizatu diren zuzkiduretatik nabarmen gorago egongo dena, euskal enpresak lurraldean errotzeko, euskal enpresa estrategikoen kapitaleko partaidetza publikoa bideratzeko eta inbertsio estrategikoak sustatzeko” azaldu du Muruak.