AKTUALITATEA


| 2026-11-13 12:14:00

Ane Unanue EH Bilduko Kongresurako hautagaiak adierazpenak egin ditu Txingudiko merkataritza-gunean, Olaia Duarte Senaturako hautagaia bertan zela. Talde subiranistak Langilearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko konpromisoa hartu du, soldatak duintzeko eta euskal herritarren bizi-baldintzak hobetzeko. 

Herritarrek gero eta gehiago ordaintzen dute eguneroko gastuetan, erosketasaskian, argiaren eta gasaren fakturetan eta erregaietan. Prezioen etengabeko garestitzeak zuzenean eragiten du milaka familiaren egunerokoan, eta gero eta zailagoa egiten zaie hilabete amaierara iristea.

Dena garestitzen ari da, langileen soldatak izan ezik. Egoera horren aurrean, balantza langileen eta familien alde jartzea proposatzen du EH Bilduk, soldatak igoz eta lan-baldintzak hobetuz.

Era berean, energia eta elikadura sektoreetako enpresa handiek kostuen igoeraren zati bat beren gain hartu behar dutela defendatzen dugu. Ezin dugu onartu enpresa handien irabazien kontura herritarrak izatea garestitze horien ondorio guztiak pairatzen dituztenak. Gehiegizko prezioen zama kontsumitzaileen bizkar ez uztea ezinbestekoa da.

“Ondo ezagutzen dugu herritar askok bizi duten egoera. Horregatik, anbizioz eta erantzukizunez lan egiteko konpromisoa hartzen dugu. Lehen urrats gisa, Langilearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko konpromisoa berresten dugu. Euskal herritarren errealitate sozioekonomikora egokitutako gutxieneko soldata izango da, herritar guztiek bizitza duina izateko behar dituzten baldintzak bermatzeko.” adierazi du Ane Unanue EH Bilduren kongresurako hautagaiak.

“Azaroaren 29an gauza asko jokatzen direla, besteak beste, soldata duinak eta bizitza eskuragarriak posible egitea. Horretarako, neurriak hartzeko garaia da, langileen alde, familien alde eta herritarren bizi-baldintzen alde.” amaitu du Unanuek.