Azken finean, HAPO-a herri baten burua da; herritarrek dituzten beharrei arreta jarri behar zaie, udalerriak dituen ezaugarri eta erronkei kasu egin, eta orainak parez parean ezartzen dizkigun baldintzak aintzat hartu. Betiere, azalera modu egokian marraztu nahi badugu eta gorputz-adar guztiak zuzen eraiki. Ez badago buruaren jardunik, nekez marraztu ahal izango ditugu herritarrak aintzat hartuko duen azalera, ezta bizitza jasangarria ahalbidetuko duten gorputz-adarrak ere.
Tamalez, getxoztarrok aspaldi galdu genuen gure herriaren norabidetzea, burua… 2006an “bertan behera” utzitako HAPOa erabili du hamarkada luzez unean uneko udal-gobernuak; aldaketa zehatzak egin dizkio baina ia beti aurreko planaren logikaren pean. Horrela aritu dira hamarkadetan: herritarrek dituzten beharrei zein herri bezala ditugun erronkei muzin egiten, eta orainak ezartzen dizkigun ezinbesteko baldintzei ez-ikusiarena. Halaxe heldu gara 2024ra.
Orain dela urtebete baino apur bat gehiago HAPO “berria” aurkeztu zuten, arestian aipatutako osagai guztiak zituen errezeta zaharkituarekin; etxebizitza libreen eraikuntza hiri-erdigunean, bertan etxebizitza babestuen aldeko parkeari indarra eman beharrean; espazio berdeen suntsitzea eta ez horien berreskurapena eta sustatzea; mugikortasun jasangarriaren plana ere tiraderan utzi zuten, eta horrekin batera, ahaztu zitzaien esatea Getxoko ehundaka bizilagunei euren etxeak eraitsiko zituztela …
Hala, orlegi koloreko itxurakerietan espekulazioa, suntsiketa, inposizioa, gazteen exodo motelduagoa (akaso) zein autoaren erabilerari oda bat ekarri zuten (berriz ere). Zurikeriz betetako diskurtsoa ez zen nahikoa izan, eta oztopoak oztopo herritar ugarik helegiteak jarri zizkioten orain dela urtebete aurkeztutako HAPOari. Aitzitik, isilik erantzun diete helegite horiei baita HAPOaren aurka egindako mobilizazio guztiei ere. Izan ere, urtebete geroago, udal-gobernua ez da kapaz izan herritarren helegitei erantzuteko. Arduragabekeriaren eredu argia.
Norabiderik gabeko herri-politikak bozken galera ere ekarri die azken udal-hauteskundeetan, gero eta agerikoagoa da burua galduta gabiltzala, bizkarrezurra okertuta, gorputz-adarretan indargabe. Eta horretaz gero eta getxoztar gehiago jabetzen da, zorionez.
Zain jarraitzen dugu helegiteak noiz erantzungo, arduraz noiz jokatuko, eta etorkizuneko erronkei noiz helduko dieten logika berria duen Hiri Antolamendurako Plan Orokor batekin. Indarra baino, logika berria beharrezkoagoa baita; buruaren jardunaren erakusgarria baita logos-a.
Bitartean ez gaitzatela itsutu flashez betetako lelo propagandistikoek.