Garraioaren inpaktu ekologikoaren datuak oso kezkagarriak dira. Batzuk ematearren: IHOBEk argitaratu duenez, eta EAEra mugatuz, garraioak eragiten ditu berotegi efektuko gasen isurketen %36, eta isurketa horiek etengabe ari dira handitzen (1990 eta 2022 urteen artean bikoiztu egin dira, eta hurbilago etorrita ere, 2005 eta 2022 artean %17ko hazkundea izan dute). Urtealdi horretan (2005-2022) garraioa izan da isurketetan gorantz egin duen sektore bakarra, besteetan, hala nola industrian, etxebizitzetan edo energetikoan, joera beheranzkoa izan baita. EVEren 2022ko datuak ere ildo beretik doaz: energia-kontsumoa sektore guztietan beherantz doa, salbu garraioan; eta intentsitate energetikoan gauza bera gertatzen da.
Beste sektoreetan egiten ari dena goraipatu gabe (horietan ere motel eta konbentzimendu handirik gabe jokatzen ari baitira gure agintariak) argi dagoena hauxe da: garraioan ez dela ezer egiten ari!! Ez dago inolako plangintzarik edota politikarik jasangarritasunaren bidea garatzen hasteko; alderantziz, esango nuke, eredu zaharra luzatu nahian dabiltza, herritarren interesen eta planetaren biziraupenaren gainetik sektore energetikoaren eta automobilaren industriaren interesak lehenetsiz.
Ordua da (aspaldi behar zuen, baina tira) garraio-eredu zaharra atzean utziko duen proposamen jasangarri bat diseinatu eta martxan jartzeko. Ezinbestez mugikortasun beharrak gutxitzetik etorri beharko dena eta errepideari egun daukan gehiegizko protagonismoa kenduz. Lurzoruen erabilera orekatuagoan oinarritu beharko da (produkzio, kontsumo, aisia edota etxebizitza arloak kontuan hartuz), desplazamendu beharrak murrizteko. Merkantzien trafikoaren parte handiena errepidetatik atera beharko da eta portu eta trenbideetara bideratu.
Eta bidaiarien trafikoari dagokionez, nahiko argi dago nondik jo behar den: kotxe pribatuaren erabilera nabarmenki murriztu behar da, ez dago besterik. Horretarako bidaiatzeko beharrak gutxitzearekin batera garraio publikoa sustatu beharko da, eraginkortasuna eta erosotasuna bermatuko duen kalitatezko eskaintza baten bitartez; desplazamendu laburretan motorizatu gabeko moduak (oinez edo bizikletaz mugitzea) bultzatzearekin batera.
Premiazkoa da garraio-eredu jasangarri baterako trantsizio azkar bat egitea, berandu baino lehen. Ondo landu beharko dena, eta eragile politiko, sozial zein ekonomikoen eta herritarren aldetik ahalik eta kontsentsu zabalenarekin. Baina hori egin bitartean ezin dugu arazoa larriagotu. Kontrakoa, noranzko egokian jokatzen hasi beharko dugu eta ezetz esan errepidezko garraioa eta kotxe pribatuaren erabilera areagotu nahi duten proiektu eta politikei.
Horregatik ezin gara besoak gurutzatuta geratu proiektu horietako bat gure muturren aurrean nola eraikitzen duten ikusita. Subflubialaz ari naiz, Getxo eta Sestao artean eraikiko den autobidea, itsasadar azpiko tunel baten bitartez.
Subflubialak kotxe gehiago jarriko ditu errepideetan. Aldundiak berak aurreikusten du trafikoa etengabe handituz joango dela: 2019arekin alderatuta 2038rako ibilgailu pribatuek egindako bidaiek %21eko hazkundea izango omen dute; 2048an %33ra iritsiko litzatekeena. Gainera ez ditu egun dauden errepideen saturazioak konponduko (zentzu horretan adierazgarria da Arrontegi zubian bertan beste errei bat egiteko asmoa ere badagoela). Bistakoa dena, trafikoa ez baita arinduko errepide-sisteman ibilgailu gehiago jarriz, bidaiariak garraio publikora eta merkantziak trenbidera bideratuz baizik.
Arduratsu jokatzeko unea da. Subflubiala ez da aurrera begira jartzen gaituen proiektu bat, eredu zaharrari lotzen zaion proiektu anakroniko bat baizik. Planetaren, gure herriaren eta herritarren etorkizun jasangarri eta hobe baten alde gaudenok badakigu zer egin behar dugun: subflubiala gelditu behar dugu! Eta borroka horretan hurrengo hitzordua, egun gutxi barru: otsailaren 8an denok Bilbora!